Tenerife 3 - 3 Athletic

Athleticek kanporatu egin du Tenerife, penaltietan

Zuri-gorriak Espainiako Kopako final-laurdenetara igaro dira. Partida ikusgarria jokatu dute bi taldeek.

Athleticeko jokalariak Iñaki Williamsek sartu duen lehen gola ospatzen. RAMON DE LA ROCHA / EFE
mikel rodriguez
2020ko urtarrilaren 29a
12:47
Entzun

Espainiako Kopak lehiaketa eredua aldatu du denboraldi honetarako, torneoa ikusgarriago egiteko esperantzan, zaleek eta taldeek garai batean ematen zioten ospea eta babesa berreskuratzeko. Partida bakarrera jokatutako kanporaketak, finalerdietara arte, talde ahulenaren etxean. Antolatzaileen ikuspuntutik, Tenerifek eta Athleticek lehia perfektua jokatu dute astearte arratsean. Bigarren Mailako talde bat Lehen Mailako baten aurka, denetarik izan duen norgehiagoka ezin ikusgarriagoan: golak, atezain baten kaleratze goiztiarra, erritmo ezin biziagoa, borborka paratu den estadio bat, emozioa azkeneraino eta penaltiak. Zaleek gozatzeko partida bat. Gehienbat, Athleticekoek, final-laurdenetara igarotzea lortu baitute.

Bigarren Mailakoa zen Athleticen arerioa, baina meritu handikoa izan da zuri-gorrien partida, norgehiagoka hasi bezain pronto Iago Herrerin atezainari atera dioten txartel gorriak eta handik minutu batzuetara epaileak eman duen penaltiak baldintzatu baitituzte. Sei minututan Athletici guztiz maldan goiti paratu zaio kanporaketa, baina Teneriferen ekinaldi guztiei eustea lortu du. 3-3 bukatu da partida, eta penaltietan irabazi du Athleticek (2-4).

Heliodoro Rodriguez Lopez estadiora joan diren zaleek doi-doi izan dute jarlekuetan kokatzeko astia, sua piztu denean. Shaq Moore estatubatuarra lasterka bizian atera da bote luzean zihoan baloi bat bereganatu eta zuri-gorrien atearen aurka bakarrik ekiteko, baina Herrerin gainera etorri zaio, eta aitzinetik eraman du. Epaileak ez du zalantzarik ere egin: gorria, eta kanpora.

Gaizka Garitanok erdiko atzelari bat kendu du, Unai Nuñez, Ezkieta atezaina sartzeko. Hasierako planteamenduari eutsi nahi zion Deriokoak horrela. Baina piezak birkokatzeko astirik ere ez du izan Athleticek, seigarren minutuan VARak epaileari abisatu baitio Iñaki Williamsek baloia eskuarekin jo duela area barrenean. Lau minutu baino ez zituen igaroak Jokin Ezkietak Athleticeko lehen taldeko atean, eta jada lehenbiziko erronka handiari aurre egin behar izan dio. Joselu Tenerifeko aurrelariak, ordea, ez du hutsik egin penalti puntutik.

Hasiera ezin nahasiagoa izan du partidak, eta zaila zirudien ur harrotuak lasaitzea. Hamarrekin gelditu arren, Athletic baloiaren jabe egin da, bi taldeen artean maila bateko tartea dagoela argi erakutsiz. Hamazazpigarren minutuan asmatu du, Yuri Berchichek errematerik izan ez duen erdiraketa bat jaso, bertze erdiraketa bat egin, eta Williamsek bularrarekin sareetara bidali du Raul Garciaren burukada.

Partida hagitz erritmo bizian ari zen garatzen, eta Tenerife atezuan zegoen, bizkaitarrek hutsen bat noiz eginen. Eta, hori, 21. minutuan gertatu da. Yurik eta Iñigo Martinezek baloi beraren bila salto egin dute area barrenean, eta ez batak, ez bertzeak ez du lortu eramatea. Joseluri erori zaio, gogoz errematatzeko moduan. Athleticek guztiz dominatu du lehen zatia, baina aukera garbi bakarra izan du, 28. minutuan, Williamsi area txikian Ortolak gelditu dion erremate on bat.

Bigarren zatia bide beretik hasi da, Athletic erasorako abaguneak bilatu nahian, eta Tenerife zelaiaren bere zatian zuloak ixten, bizkaitarrak kontraerasoan ezustean harrapatzeko. Eroso ziruditen kanariarrek, baina defentsan akats larri bat egin dute. Baloia Williamsi oinetara eman diote, eta aurrelaria, ohi duen bezala, autobide bat hartuta ateraino joan da. 55. minutua zen. Bi taldeak fisikoki ahitzen hasiko zirela pentsatzea zen logikoena, baina partidak ez du logikatik edan. Aukera argiak anitz izan ez badira ere, ate batetik bertzera lasterka ibili dira bi taldeak ordu erdi oso batean. Azken minutuetan nabaritu dute nekea, eta grina jaitsita, ontzat eman dute luzapenera ailegatzea. 

Luzapenean, Tenerife hamarrekin

Berdinketa hausteko minutu gehigarrietaraino luzatu da arauzko 90 minutuen erotasuna, jokoan berriz hasi eta hiru minutura epaileak bigarren txartel horia atera baitio Carlos Ruiz Tenerifeko defentsari Williamsi egin dion falta batengatik. Bi gol egin dizkio Williamsek Teneriferi, eta jokalari bat egotzi diote hari egindako faltarengatik, baina Gaizka Garitano entrenatzaileak aldatu duenean estadio osoak txalo egin dio Athleticeko aurrelariari. Partidako bederatzigarren minutuan ere txalo zaparrada bat eskaini diote Williamsi, Frente Blanquiazul Tenerifeko zale taldeak sustatuta, joan den asteburuan Espanyolen zelaian jasan zituen irain arrazisten aurka babesa agertzeko. 

Tenerife hamarrekin gelditu bada ere, Athleticek ez du lortu nagusitzea, eta partida guztiz irekita gelditu da. Luzapeneko lehenbiziko zatia bukatzear zenean, partidako hamaikagarren kolpea gertatu da: Iñigo Lekue area barrenean berandu ailegatu da Tenerifeko Nahuel Leiva gelditzeko, eta lurrera bota du. Ezkietak bigarren penalti bati aitzin egin behar izan dio debutaren egunean, eta bigarrena ere ez du gelditzerik izan. Dani Gomezek jaurti, eta hirugarren gola sartu du.

Luzapeneko bigarren zatia erasora hasi du Athleticek, baina ongi eutsi dio Tenerifek, eta itxura ematen zuen Kanaria uharteetako taldea gai izanen zela zuri-gorriei eusteko. Baina gaurko partidan ezin izan da deus egintzat jo. 118. minutuan, Athletic azken hatsa botatzen ari zenean, Yurik gola egin du. Horixe falta zuen norgehiagokak, penaltien txanda. 

Ezkietaren geldiketa

Ezkieta atezainak ez du berehalakoan ahantziko lehen taldearekin egin duen debuta. Athletic hasi da penaltiak jaurtitzen, eta 2-3 aitzinetik zenean, atezain nafarrak Joseluri jaurtiketa gelditu dio. Partida osoak bezala, ordea, penaltiek ere behar zuten emozio dosia. Iñigo Martinezi Ortolak gelditu egin dio hurrengoa, baina Moorek langara bota du berdintzeko aukera. Azkenean, Asier Villalibrek erabakita utzi kanporaketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.