Albistea entzun

Gipuzkoa

Ia erabatekoa Goierrin eta Tolosaldean

Greba deialdiak Gipuzkoan izan du arrakastarik handiena, baina alde handia egon da herri batzuetatik besteetara, eta sektoreen arabera. Lurraldeko industria alorreko enpresa nagusiek bat egin dute, eta merkataritza gune handietan ere eragina izan du. Bi pikete atxilotu dituzte Donostian

CAF enpresaren Besaingo lantokia hutsik, goizean
CAF enpresaren Besaingo lantokia hutsik, goizean / Goierriko Hitza Tamaina handiagoan ikusi

Jokin Sagarzazu -

2020ko urtarrilak 30

Euskal Herriko gehiengo sindikalak grebara deitzen duenean, Gipuzkoan izan ohi du arrakastarik handiena, eta oraingoan ere hala izan da, baina oso irudi ezberdinak utzi ditu eskualdeen eta sektoreen arabera. Industria alorreko enpresa handietan nabaritu da gehien, baita hiriguneetatik kanpoko merkataritza gune handietan ere. Tailer eta saltoki txikietan, aldiz, ez du horrenbesteko oihartzunik izan, herrien arabera: batzuetan, dendak eta kaleak ere hutsik egon dira; beste batzuetan, ohi baino mugimendu txikiagoa egon arren, normaltasunez zabaldu dituzte ateak.

Grebak Goierrin eta Tolosaldean izan du eragin handiena. Industria ia erabat gelditu da, eta eskualde horietako herrietako denda eta taberna gehienak itxita egon dira. Goierriko lantoki handienen artean hauek egin dute bat: CAF, Indar, Irizar, Ampo, Jaso, Bellota eta GKN-k, besteak beste. Ikastetxe gehienek eta udal batzuek ere ez zuten zerbitzurik eman.

Tolosaldean, ia erabatekoa izan da greba, sektore guztietan. Tolosaldeko industrialde handienean, Apattaerrekan, lantegi gehien-gehienetan egin dute bat; salbuespenen artean dago Voith. Eskualdeko 102 langile batzordek babestu dute greba. Saltoki handi eta txikietan ere ia denek itxi dituzte ateak.

Debagoienean ere erantzun zabala izan du deialdiak, bereziki industrian, merkataritzan eta hezkuntzan. Kooperatiben artean ez da erabatekoa izan: bat egin dute Ulma Contructionek eta Ulma Packagingek, Orklik eta Cikautxok, beteak beste. Ez dute babestu Ulma Forjak, Ulma Architectural Solutionek eta Fagor taldeko hainbatek.

Osasun zerbitzuetan eragin eskasa izan du grebak eskualde horretan. Saltoki handietan, aldiz, handia. Mondragon Unibertsitatean bertan behera utzi dituzte eskolak, baina fakultate guztietako irakasleek ez dute grebarekin bat egin. Erakunde publiko batzuek babestu dute: Bergara eta Arrasateko udalek, adibidez. Gorabeheren artean, piketeek 06:00 aldera Kanpazarreko mendatea itxi dute une batez. Asteazken gauean eraso egin zioten kutxazain bati Arrasaten; Aretxabaletako bati ere egin diote kalte.

Desberdintasunak eskualdeen artean

Lurraldeko argazkia errepikatu egin da Debabarrenean, Urola Kostan, Oiartzualdean eta Behe Bidasoan: greba nabariagoa izan da lantegi eta saltoki handietan, baina ez denetan. Herrietako denda eta ostatuetan ere alde handiak egon dira eskualde batzuen eta besteen artean: Oiartzualdean eta Urola Kostan beste bietan baino gehiago antzeman da.

Pasaiako portuan, berriz, kamioien sartu-irtenean ez da alde handirik nabaritu; bai, ordea, barruko eraikinetan: ia erabatekoa izan da greba. Guardia Zibilak zaindu ditu porturako sarrerak. Garraio publikoetan gutxieneko zerbitzuek normaltasun osoz funtzionatu dute lurraldean. LABeko eta Aitzina gazte antolakundeko hainbat kidek bi orduz eten dute —07:30etik, 09:30era— Lapurdi eta Gipuzkoa lotzen dituen Euskotren linea. Era berean, arratsaldean grebalari batzuek A-15 errepidea itxi dute Hernani eta Andoain artean, eta auto ilara luzeak sortu dira.

Donostian, oso irudi ezberdinak izan dira, auzoen arabera: Egian eta Amara zaharrean nabaritu dira gehien lanuzteak. 27. Industrialdean manifestazio bat egin dute lehen orduetan, eta enpresa gehienek itxi dituzte ateak. Goizak aurrera egin ahala, handituz joan da jarduera. Gorabeheren artean, Ertzaintzak bi pikete atxilotu ditu goizaldean, bi kutxazaini eraso egitea eta hainbat dendaren kanpoaldean grebaren aldeko pintaketak egitea leporatuta; aske geratu dira, karguekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Lan merkatuan ere nabaritu da urtarrileko aldapa

Jokin Sagarzazu

Lanbidek eta Lansarek abenduan baino 2.495 langabe gehiago erregistratu dituzte, ia denak emakumeak. Gizarte Segurantzak 12.237 afiliatu galdu ditu hilabete batetik bestera
Sindikatuen banderak Hezkuntzako langileen manifestazio batean, iragan azaroan. ©Marisol Ramirez / Foku

ELA garaile hauteskundeetan, azken urtean indarra galdu arren

Iker Aranburu

Mitxel Lakuntzaren sindikatuak Hego Euskal Herriko ordezkaritzaren %36,08 dauka. Oso atzean ditu CCOO (%19,99) eta LAB (%18,95), baina hori da 2018ko azken epealdi trinkotik ordezkaritza handitu duen bakarra.

Christine Lagarde EBZko presidentea, gaur. ©FRIEDEMANN VOGEL / Efe

EBZk %3ra igo ditu interesak, eta martxoan %3,5era iristeko asmoa du

Iker Aranburu

Eurogunea atzeraldian ez sartzeak eta inflazioa jaisteak ez du banku zentrala iragarritako bidetik atera. Interes tasak mugatik «urrun» daudela esan du Lagardek

Carolina Perez Toledo Cebekeko presidentea eta Fancisco Azpiazu idazkari nagusia. ©Monika Del Valle / FOKU

Cebekek enpresen lehiakortasuna handituko duen zerga erreforma bat eskatu du berriz

Imanol Magro Eizmendi

Bizkaiko patronala «absentismo» handiaz kezkatuta dago, baina onartu du langileen zahartzeak eragina duela.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.