Kazetaritza

Hasi da urteko azalaren hautaketa

Irakurleek zabalik daukate 2019ko lehen orrialderik onenak bozkatzeko bidea. Ekainean sei urte beteko ditu BERRIAren diseinu eta eduki aldaketak.

mikel p ansa
2020ko otsailaren 3a
10:48
Entzun

Ekainean sei urte izango dira BERRIAk papereko edizioa eta, horrekin, azalen diseinua berritu eta aldatu zituela. 2014ko ekainean izan zen aldaketa, papereko edizioa berritzeko gogoetaren emaitza. Egunkari esanguratsuago bat egiteko asmoari jarraituz, igandeetako edizioa sendotzea izan zen gogoetaren helburuetako bat; horren barruan, gai bat dosier modura lantzea erabaki zuen, eta mantxeta ere aldatu zuen, Igandea izena agerian jarrita.

Aldaketa horren ispilua izan da igandeko azala. Igandeetako gai nagusia erakusteko, diseinuak eta sormenak irekitako bideak esploratu ditu, nazioarteko eredu esanguratsuen inspirazio iturriari jarraituz —Libération, The Economist, Portugalgo Público...—.

BERRIAko taldearentzat eta Diseinu Taldearentzat ikasketa prozesu etengabeko bat izan da. Argazkilaritza, diseinua, irudia, ilustrazioa, muntaketa... Ezagutza arlo askotan sakontzeko modua izan da; asteroko bileretan eta talde osoaren inplikazioarekin eta ekarpenekin egindako bide bat.

Bide horretan, BERRIAk hamabost urte egin zituenean, aste barruko azalak ere berritu zituen, 2018ko ekainean. Tipografiak eta azalaren egitura aldatu zituen, aste barruko azalak ere ikusgarriagoak eta argiagoak egiteko.

Aldaketa horiekin batera, urteko azala aukeratzeko lehiaketa egiten ere hasi da BERRIA azkenaldian, eta aurten ere aukera izango da: iazko hogei azalen artean aukeratzeko modua dute BERRIAlagunek eta irakurleek. Gaur astelehena hasi da botoa emateko epea, eta otsailaren 10ean bukatuko da. Parte hartuko dutenen artean hiru sari zozkatuko dituzte: Urkixokoa nekazaritza etxean egonaldi bat, Orbaizetan (Nafarroa); Errioguardaenea jatetxean otordu bat, Hernanin (Gipuzkoa); eta BERRIAren urtebeterako harpidetza bat.

Argia saria

BERRIAren igandeetako azalek irabazi dute aurten prentsa idatziko Argia saria. Joan zen ostiralean banatu zituzten sariak, Usurbilen (Gipuzkoa). Igandeetan egunkariak eskaintzen duenaren «erakusleiho» gisa definitu zituzten azalak Jakes Goikoetxea kazetariak eta Maixa Olano diseinatzaileak.

BERRIAren lehenak egunkariak «igandeetako eskaintza iraultzeko apustuaren» erakusgarri direla azaldu zuen Goikoetxeak, «barruko mamiaren» isla. 2014ko ekainean argitaratu zen lehena, Gure Esku Dago-k antolatutako giza katearen harira: Esku bete itxaropen. Maitane Gartziandia Argia-ko diseinatzaileak eman zituen saritu izanaren arrazoiak, eta azalek «bereizgarri duten ukitu freskoarekin» gaur arte iraun izana nabarmendu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.