Albistea entzun

Mamiaren erakusleihoari saria

BERRIAren igandeetako azalentzat izan da prentsa idatziko Argia saria. Besteak beste, apustu etxeen eta joko aretoen aurkako taldeak, Egunean Behin aplikazioa eta Gure Zirkua saritu dituzte
2020ko Argia saridun guztiak, atzo, Usurbilgo Atxega jatetxean.
2020ko Argia saridun guztiak, atzo, Usurbilgo Atxega jatetxean. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Irati Urdalleta Lete -

2020ko otsailak 1 - Usurbil

Egunkari bat azaletik hasten da. Askotan barruko informazioari soilik erreparatu arren, lehen orriaren garrantzia azaleratu dute Argia sariek, zehazki, BERRIAko igandeetako azalena. Prentsa idatziaren saria eman diete, eta Jakes Goikoetxeak eta Maixa Olanok jaso dute, lantalde osoaren izenean. «Honen atzetik lan eta jende asko dago», azpimarratu dute.

«Barnealdeko sakontasunaren erakusleiho» izateagatik saritu dituzte, eta bezperako irudia baino «zer edo zer gehiago» ekartzen saiatzeagatik. Antzera mintzatu dira Goikoetxea eta Olano ere: «Barruko mamirik gabe, ez genuke azalik izango, eta BERRIAlagunik eta babeslerik gabe, ez genuke BERRIArik izango».

Atzo arratsaldean banatu zituzten Argia sariak, Usurbilgo (Gipuzkoa) Atxega jatetxean. Prentsa idatziaz gain, beste bost kategoriatako sariak ere egon ziren: irratia, ikus-entzunezkoa, Internet, kanpaina onena eta merezimenduzkoa.

«Euskaraz umore kabroia egiteagatik» eman diote irratiaren saria Hankak lurrin irratsaioari. Xabier Arenazak eta Iñaki Segurolak «irizpiderik, prestakuntzarik, seriotasunik, lanketarik edo txukuntasunik gabe» egiten den saiotzat definitu dute 2013tik bi astean behin egiten dutena. Aldi berean, Arrosa sarearen babesa ere eskertu dute, bestela ezingo litzatekeelako haien irratsaioa egin. Emandako diskurtsoarekin ederki nabaritu da umorea egiteko daukaten gaitasuna, eta Atxega jatetxean bildutakoak barrez jartzea lortu dute.

Tonu serioagora itzuli da aretoa, Ikus-entzunezko Argia saria banatzeko. «Gaur sarituko dugun dokumentalak oroimena, justizia nahia eta transmisioa ditu ardatz», azaldu du Lander Arbelaitz Argia-ko kazetariak. Hain zuzen, Ez, eskerrik asko. Gladysen leihoa dokumentalak jaso du saria, mugimendu antinuklearraren aldarrikapen festa batean hil zuten gaztearen istorioa kontatzen duena. «Gladys nola hil zuten erakutsi nahi genuen, baina baita atzean zein mugimendu zegoen ere», zehaztu dute Bertha Gaztelumendi eta Sabino Ormazabal egileek.

Internet saria, berriz, iazko arrakasta batentzat izan da: Egunean Behin aplikazioarentzat. 2019ko egunak «galdera existentzialez betetzeagatik» lortu dute, baita «behin edo beste Einsteinen pare sentiarazteagatik» ere. Arrakastaren gakoa erabiltzaileengan dagoela esan dute Maite Rementeria, Josu Azpillaga eta Bittor Poza Egunean Behin sortu duen CodeSyntax-eko langileek: «60.000 erabiltzailera iritsi gara, eta beraiek izan dira gure komunikatzaileak». Astelehenean hasiko da hirugarren denboraldia, eta esan dute lanean segituko dutela: «Jarraituko ote dugu poz txiki bat ematen, egunean behin bada ere, milaka laguni euskarazko kulturaren inguruko joko batekin?». Hori da euren asmoa.

Egunean Behin bezala, Euskal Herri osoan zabaldu den mugimenduak jaso du kanpaina onenaren saria: apustu etxeen eta joko aretoen aurkakoak. Zigor Oleaga Argia-ko kazetariaren hitzetan, eragile horiek «herritarrak sentsibilizatu nahi dituzte, eta administrazioak urratsak egitera behartu. Esaerak dioen gisa, jokoa ez delako errenta». Gasteizko, Iruñeko, Bilboko eta Azpeitiko ordezkariek jaso dute saria, eta eskerrak eman dituzte, «bazterrean daudenei ahotsa emateagatik». «Apustu etxeen aurka antolatzen jarraitu behar dugu. Hori da arazo hau amaitzeko bidea», ziurtatu dute.

2020ko azken Argia saria merezimenduzkoa izan da, eta Gure Zirkuak jaso du, Euskal Herriko txoko ugaritara «umorea, goxotasuna eta harritzeko gaitasuna» hedatzeagatik. Erraza ez den arren, eskualde eta txoko gehienetara iristen jarraitzea espero dute. «Guk egin dezagula eta zuek konta dezazuela».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Aitziber Sarobe eta Ainara Kaltzakorta, atzo, Ekotopaketen lehen mahaietako batean. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Kolektiboki ekiteko dei ozena

Maite Asensio Lozano

Krisi ekosozialari nola erantzun aztertzeko, Ekotopaketak egiten ari dira asteburuan Portugaleten, 'Azken krisia, gure garaia' lelopean

Herritarrek larunbat eguerdian egindako mosaikoa. ©FOKU

Usansolo udalerri bilakatzearen aldeko mosaiko herrikoia egin dute hainbat bizilagunek

Iñaut Matauko Rada

40 urteko ibilbidearen ostean, azken urratsa falta zaio Usansolori (Bizkaia) udalerri bilakatzeko: Bizkaiko Batzar Nagusietako bozketa gainditzea. Desanexioaren aldeko hainbat ekitaldi egin dituzte gaur.

Los Arcos zirkuituaren inaugurazio ekitaldia, 2010eko ekainean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Los Arcos kostatu zenaren %10ean saldu du Nafarroako Gobernuak

Joxerra Senar

Gobernuko arduradunak pozik agertu dira salmentarekin, urtero lau milioi euroko gastua baitzuen zirkuituak. Zazpi milioitan saldu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...