Noiz sortua: 2020-02-04 16:24:16

Telebista

Auzitegi Nazionalak EITB inputatu du, telebistetako musika saioen iruzurragatik

Guztira hamalau telebista daude inputatuta, goizaldeko musika programetako kanten egile eskubideetan iruzurra egitea egotzita. Iruzurgileei eta telebistei elkarlanean aritzea leporatzen die epaileak.

Polizia SGAEren Madrilgo egoitza arakatzen, 2017ko ekainean.
Polizia SGAEren Madrilgo egoitza arakatzen, 2017ko ekainean. Luis Millan / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Jakes Goikoetxea -

2020ko otsailak 4

Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak hamalau telebista inputatu ditu, horien artean EITB, ustez negozioetan ustelkeria egiteagatik, talde kriminalen bitartez. Epaileak telebistei egotzi die zerikusia dutela goizaldetan eskaintzen dituzten musika saioetako kantuen egile eskubideen ustezko iruzurragatik. Morenok uste du iruzurra ehun milioi eurokoa izan zela ikertutako garaian, 2006 eta 2011 artean. EITBk 2017ko ekainean utzi zituen bertan behera goizaldeko musika saioak.

Hauek dira inputatutako telebistak: RTVE Espainiako Irrati-Telebista, Atresmedia, Mediaset, Andaluziako Canal Sur, Extremadurako Telebista, Asturiasko Irrati-Telebista, Galiziako Telebista, Aragoiko Irrati-Telebista, Balearretako Telebista, Telemadrid, Kanarietako Telebista Publikoa, Gaztela eta Leongo Telebista eta Gaztela-Mantxako Telebista. Telebista kateek bost egun dituzte abokatua edo prokuradorea izendatzeko.

Gurpilaren iruzurra deitu izan zaio musika saioetako iruzur mota horri. Epailearen esanetan, ikertutakoek, haien senideek edo horretarako sortutako sozietateek eta ekoiztetxeek lehendik sortuta zeuden kantuak erregistratzen zituzten, berriak edo originalak izango balira bezala, jatorrizkoari aldaketarik egin gabe edo aldaketa txikiak eginda. Telebistetako langile edo ordezkari batzuek erosi egiten zituzten kanta horiek, eta goizaldeko programetan eskaini. Audientzia oso eskasa duten telebista saioak izan ohi dira, %1etik beherakoak, gaueko azken programen eta goizeko lehenen arteko betelana. Betelan emankorra, ikertuek kanta horien egile eskubideak kobratzen baitzituzten.

Telebisten parte hartzea

Epaileak uste du ikertuak elkarlanean aritu zirela telebistetako langileekin, komisioen truke kanta horiek eskaintzeko: "Delituzko jarduera ezingo litzateke egin telebisten parte hartze hitzarturik gabe. Telebista horiek eskaintzen dituzte aipatutako irabazi ekonomikoak sortzen dituzten errepertorioak. Beraz, orain artean ikertuak izan direnekin elkar hartuta arituko lirateke. Telebistek parte hartuko lukete urtero SGAE Espainiako Autoreen eta Editoreen Elkarteari ordaintzen dioten diruaren zati bat berreskuratzeko, ikertutakoen errepertorioa erabiltzeagatik".    

Hori baino gehiago. Morenoren arabera, telebista batzuek musika ekoiztetxe batzuk sortu zituzten, horien bitartez telebistan eskaintzen zituzten kanta batzuk erregistratzeko eta horrela SGAEri diru gutxiago ordaindu behar izateko. Erantzukizun penala izango lukete musika hori eskaintzea negoziatu zuten telebistetako ordezkariek, baina baita telebistek ere: "Ez zutelako indarrean jarri protokolorik delituak egitea saihesteko, eta ez zutelako abian jarri kontrol edo erreakzio tresna egokirik beren erakundeetan egiten ziren ekintza kriminalak atzemateko. Horrela, ahalbidetu egin zuten zenbait musika errepertorio eskaintzea, ez kalitate irizpideekin, ez audientzia irizpideekin eta ez legezeko beste irizpide batzuekin, baizik iruzur egiteko asmoz". Epailearen iritziz, zantzuek erakusten dute telebistek parte hartu dutela iruzurrean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna