Ardien artilearekin egindako jakak

Ternuak material hori erabiliko du isolatzaile termiko gisa bere arropa batean. Gaur egun, ardi artilea ez da erabiltzen, eta Euskal Herrian 200 tona inguru alferrik galtzen da urtero.

Egitasmoaren sustatzaileak, Donostian eginiko aurkezpenean. BERRIA
jokin sagarzazu
2020ko otsailaren 7a
17:16
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Ternuak ardi artilearekin egindako kirol jantzietarako isolatzaile termiko bat garatzeko egitasmoa aurkeztu dute. Latxa Artile du izena, eta Iletegia eta Muturbeltz enpresekin batera garatu dute. Sustatzaileek azpimarratu dutenez, proiektuaren helburua da gaur egun alferrik galtzen den ardi latxaren artileari irteera ekonomiko bat ematea.

Egitasmoaren aurkezpenean nabarmendu dutenez, ehungintzaren sektorean zuntz sintetikoak izan duen gorakadak eta etxaldeen sakabanaketak eragin dute azken hamarkadetan artilea erabilerarik gabe geratu izana. Ardi latxaren artilearen kasuan, «larriagotu» egiten da hori, ardien horien artilea astuna eta lantzen oso zaila delako.

Artilea prozesatzen espezializatutako Sarako (Lapurdi) Iletegia enpresaren arabera, Euskal Herrian 2.000 tona inguru sortzen da urtero. «Urteak daramatzagu lanean Frantzian artilea prozesatzen duten industriek gure latxa artilearekin zerbait fabrika dezaten, baina beti erantzun negatiboa jaso dugu. Hori horrela, erronka gure gain hartu dugu».

230 euroan

Ternuan ere 2009. urtetik ari dira material hori ikertzen. Artileshell izena jarri diote «teknologia berriari», eta diseinatutako lehenengo arropei, Artile Jacket. Ternuako udazken-neguko 2020-2021eko bildumaren barruan egongo dira, eta irailetik aurrera dendetan, 230 euroan. Jaka bakoitzak 400 gramo artile izango ditu.

Antzuolako Lamariano azpikoa baserriko ardiekin egingo dituzte. Egitasmoak inguruarekin eta ingurumenarekin duen lotura azpimarratu du Jose Ignacio Asensio Ingurumen diputatuak: «Beharrezkoa da industriek beren prozesuak aldatzea eta jasangarritasuna eta klima aldaketaren aurkako borroka negozio ereduen erdigunean kokatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.