Surfa

Alex Botelho surflariak istripu larria izan du munduko olaturik handienean

Nazare Tow Surfing Challenge txapelketa egiten ari dira egunotan Portugalen. Munduko Surf Ligak adierazi du kirolaria «bere kordean eta egonkor» dagoela.

2020ko otsailaren 12a
11:28
Entzun

Ikara uneak bizi izan dituzte Nazaren (Portugal), olatu handien surf txapelketan. Munduko Surf Ligak antolatutako lehenengo tow-in surf txapelketa hasi zen atzo: uretako motoek arrastaka eramaten dituzte surflariak, haiek munduko olatu handienei aurre egin diezaieten. Nazareko olatuak du inoiz surfean aritutako handienaren marka. Hamabi eta hogei metro arteko olatuak izan ziren atzo, eta horietako batek Alex Botelho kirolaria irentsi zuen. 29 urte ditu, eta puntako kirolaria da, olatu handietan espezializatua. Uretako moto bat hura erreskatatzera joan zenean gertatu zen ezbeharrik handiena: beste olatu erraldoi batek berriro bota zituen uretara surflaria eta erreskate taldeko kidea.

Botelho konorterik gabe iritsi zen ospitalera, baina Munduko Surf Ligak jakinarazi du «bere kordean eta egonkor» dagoela orain, baina proba gehiago egin beharko dizkiotela.

Hamar surflari bikotek parte hartu dute txapelketan; bata motoan joaten da, eta bestea, taula gainean. Ordubeteko sei ekitaldi egin zituzten, txandaka, eta mundu osoan ikusi zuten proba ikusgarria. Sei orduren ondoren, ordea, Munduko Surf Ligak eten egin zuen zuzeneko emisioa, Botelhoren istripua gertatu berritan. Hurrengo irudietan, surflaria hondartzan ageri zen, eta larrialdi zerbitzuak hura artatzen ari ziren.

2016an, 30 metroko olatu batek Axi Muniain surflari zarauztarra irentsi zuen Nazaren bertan. Iazko udan, Jokin Lizeaga korrikalaria eta biak elkartu zituen BERRIAk; hark ere istripu larri bat izana zuen, eta kontatu zuten horrek aldatu egin diela bizitzari heltzeko modua.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.