Haribok ez du nahi gominolazko hartz alkoholdunik

Alemaniako enpresa handiak burofax bat bidali dio Portugaleteko gazte batzuek sortu zuten enpresari, haren markari eraso egin diotela egozteko.

Ositos & Co. enpresaren promoziorako irudi bat. OSITOS & CO.
2020ko otsailaren 12a
12:59
Entzun

Portugaleteko (Bizkaia) hiru gaztek, Tamar Gigolashvilik, Julen Justak eta Ander Mendezek, negozio baterako ideia izan zuten duela urtebete: gominolazko hartzak eta alkohola elkartzea, «ezkontza on bat». Ordutik, Ositos & Co izeneko start-up-ak zeresana eman du behin baino gehiagotan. Duela aste batzuk jaso zuten ezustekorik handiena: Haribo gominolazko hartzen ekoizle handiak burofax bat bidali zien, esanez hartz alkoholdunak antz handia dutela euren produktuarekin, eta eskatu zien materiala deuseztatzeko, online denda ixteko, marka baliogabetzeko eta jabetza guztia Haribori emateko.

Hiru enpresari gazteak ez dira kikildu enpresa erraldoiaren eskariengatik, eta erabaki dute aurrera jarraitzea prozedura juridikoarekin, beren eskubideak eta irudia «babesteko». Adierazi dute ez dutela «inolako asmorik» goxoki alkoholdunez jabetzeko.

Gertatutakoa nazioarteko hedabideetara iritsi da. Erresuma Batuko The Guardian eta Alemaniako Die Zeit egunkariek eman dute haren berri, besteak beste.

Hartz alkoholdunek %15eko alkohol bolumena dute, eta 18 urtetik gorakoek soilik har ditzakete. Haien sortzaileek adierazi dute baldintza guztiak betetzen dituztela.

Enpresa sortu zutenean ere egon zen ika-mika. Getxoko Udalak 10.500 euroko diru laguntza eman zion enpresari, Gazteria zerbitzuek antolatu zuten Wanted izeneko ideia lehiaketa irabazi zutelako. Oposizioko alderdiek —EH Bildu, PP eta Ciudadanos— bat egin zuten, eta proiektu hori diruz laguntzearen aurka agertu ziren, alkohol kontsumoa sustatzen zuela argudiatuta. EAJ udal gobernuko alderdiak enpresaren alde egin zuen orduan.

ETB2ko Está pasando saioan hitz egin zuten gaiari buruz, eta Joseba Zabala medikuak azaldu zuen arriskutsua izan daitekeela alkohola modu horretan «kamuflatzea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.