Albistea entzun

Energia

Petrolioaren eskaria apaldu egingo da, hamar urteren ondoren

Energiaren Nazioarteko Agentziak esan du koronabirusaren gaixotasuna eragin «gogorra» izaten ari dela jardueran, eta 2020ko lehen hiruhilekoan behera egingo duela eskariak. Europako Batzordearen arabera, berriz, «ondorio mugatuak» izango ditu ekonomian. Hala ere, Bruselak dio «goizegi» dela koronabirusaren benetako eragina zenbatekoa izango den aurreikusteko.

Saudi Arabiako petrolio base bat.
Saudi Arabiako petrolio base bat. ALI HAIDER / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Xabier Martin -

2020ko otsailak 13 13:53

Hamar urte igaro eta gero, munduko herrialdeen petrolio eskaria apaldu egingo da urteko lehen hiruhilekoan. Jakina zen koronabirus kutsakorraren auzia ekonomian eragiten ari zela, eta petrolioaren eskariak eragin hori islatuko du argi eta garbi martxoan. Energiaren Nazioarteko Agentziak eman du abisua: hamar urtean estreinakoz jaitsiko da munduko herrialdeen petrolio eskaria. 2009an gertatu zen azken jaitsiera, finantza krisi globalaren gordinean.

2019ko lehen hiruhilekoarekin alderatuta, aurten eguneko 435.000 upel beheratuko da kopurua, agentziaren kalkuluen arabera. Eta aurreikusi du urteko hazkundea eguneko 825.000 upel izango dela urte osorako, uste baino 365.000 upel gutxiago. 2011tik hori litzateke eskariaren hazkunderik apalena.

Iraupenaren arabera

Aurretik esanda doa: OCDEk kudeatzen duen agentzian ez dakite zientzialariek noiz hartuko duten mendean koronabirusa, eta onartu dute bigarren hiruhilekorako normaltasuna itzuliko dela aintzat hartuz egin dutela aurreikuspena. Hau da, 2020ko petrolio eskaria are apalagoa izan daiteke, baldin eta koronabirusaren auzia ez badute soluziobidean jartzen luze gabe.

Petrolio eskariaren jaitsiera nagusia Txinaren jarduera apalagoaren ondorio da, hein handi batean. Horrela azaldu du Energiaren Nazioarteko Agentziak; «kontsumoaren moteltze garrantzitsua» aipatu dute agentziaren txostenean. Hala, «eragin esanguratsua» izango du birus kutsakorrak. «Arazoaren iraupenaren arabera aldatuz joango da ondorioen neurria. Hasieran, garraioei eta bidaiei eragiten ari zaie, eta litekeena da industriari eragitea gero; azkenik, esportazioei eragin diezaioke, eta, horrekin batera, ekonomia osoari».

Edonola ere, agentziak espero du urteko hirugarren hilekoan Txinako Gobernuak pizgarri handiak jarriko dituela martxan, eta horrek gora bultzatuko duela berriro petrolioaren eskaria.

Eurogunean, %1,2ko hazkundea

Europako Batzordeak 2020erako eta 2021erako hazkunde aurreikuspenak jakinarazi ditu, eta, Bruselaren kalkuluen arabera, eurogunean %1,2ko hazkundea izango du ekonomiak bi urte horietako; hau da, azken prebisioari eutsi dio batzordeak. Europako Batasunaren osotasunerako %1,4ko aurreikuspena egin du bi urteetan.

«Hazkunde egonkorra da Europako ekonomiaren inguruko aurreikuspena, nahiz eta apala izan datozen bi urteetan», esan du Paolo Gentinoli Ekonomiako komisarioak. Gentinolik azaldu du ezen, 2021 arteko hazkunde hori betez gero, euroa indarrean jarri zenetik hazkunde tarterik handiena izango duela Batasunak.

Bruselak «arrisku arin» gisa jo du koronabirusaren auzia ekonomiarentzat. Uste du ondorioak izango dituela, «batik bat Txinan», eta harekin egiten den komertzioan, baina «mugatuak» izango direla mundu osoan. Edonola ere, Gentinoli komisarioaren arabera, «goizegi» da koronabirusaren benetako eragina zenbatekoa izango den aurreikusteko.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Mecanerreko grebalariek Urdulizen egin duten mobilizazioa. ©Oskar Matxin / FOKU

Langile guztiek bat egin dute Mecanerreko grebarekin

Iraia Vieira Gil - Iñaut Matauko Rada

Stellantis taldeak Urdulizko (Bizkaia) planta itxi eta 148 langile kaleratu nahi ditu. Sindikatuen arabera, lantegian etenda dago ekoizpena, eta ez da fabrikako langilerik ekoizpen lerroetan.

Hegoaldeko esportazioek behera egiten jarraitzen dute

Hegoaldeko esportazioek behera egiten jarraitzen dute

Iñaut Matauko Rada

Ekainetik uztailera %17 murriztu dira esportazioak Hego Euskal Herrian, laugarren hilabetez segidan. Energiaren eskaria txikitzeak bultzatu du batez ere merkataritzaren beherakada.

Behi saldo bat, artxiboko irudian. ©Guillaume Fauveau

Kabalei odol galtzeak eragiten dizkien gaitz baten bi kasu atzeman dituzte Iparraldean

Oihana Teyseyre Koskarat

Ardiek, behiek eta ahuntzek biltzen ahal dute gaitz hori: odol galtzeak eragiten dituen eritasun epizootiko bat. Hazparnen eta Etxebarren bi kasu atzeman dituzte, behi saldoetan biak.

Jerome Powell Fed-eko presidentea atzo, Washingtonen, interes tasei buruzko azken erabakiaren berri ematen. ©SHAWN THEW / EFE

AEBetako Erreserba Federalak bere horretan mantendu ditu interes tasak

Iñaut Matauko Rada

%5,25 eta %5,5 artean eutsi die, baina urtea amaitu aurretik beste 0,25 puntu igotzea aurreikusi dute.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.