Athletic 0-1 Osasuna

Gozoa batentzat, gazia bestearentzat

Osasunak irabazi dio derbia Athletici San Mamesen, lehen zatian Oierrek sartutako golari esker. Etxekoek bi jaurtiketa egin dituzte langara eta zutoinera. 

jarraia177602.jpg
Aitor Manterola Garate.
2020ko otsailaren 16a
12:12
Entzun

Athletic eta Osasuna ez dira irabazle gertatzen ari azkenaldian: azken bederatzi partidetan, zuri-gorriek ez dute bat ere irabazi, eta Osasunak, bi baino ez. Athleticek hirugarren partida segidan galdu du gaur, eta Osasunak bigarren garaipen hori lortu du. Nafarrek gaur San Mamesko derbia irabazi, eta, ondorioz, Jagoba Arrasateren taldeak harrapatu egin du Gaizka Garitanorena sailkapenean. 31na puntu dituzte. 

Oier Osasunako kapitainak sartu du gol bakarra, 29. minutuan, geldikako jokaldi batean. Gaur berragertu da Lizarrakoa hainbat partida jokatu ezinda egon eta gero, lesio baten eraginez. Athleticen hamaikakoan ere izan da nabarmentzeko kontu bat: Unai Vencedor erdilariak debuta egin du. Gainerakoan, bi taldeak atera dira erdiko hiru atzelarirekin. Ohikoa azkenaldian Athleticen estrategian; berrikuntza Osasunaren kasuan. 

Osasunaren gola heldu arte, ez da kontatzeko ezer handirik gertatu. Golaren ondoren, gehixeago sortu dute jokalariek. Jokaldi horietako batean, Williamsek gola sartu du, baina Gonzalez Fuertes epaileak baliorik gabe utzi du. Bigarren zatiaren hasieran, VAR-a azaldu da, Unai Garciak eskuarekin baloia jo eta gero: epaileak ez du faltarik ikusi, eta penaltia ere adierazi ez horrenbestez. Handik gutxira, Enric Gallego Osasunako jokalari berriak buruz burukoa izan behar zuen Unai Simonekin, baina Yeray jarri zaio parean. Bigarren erdialdeko lehen ordu laurden biziaren akaberan, Vencedorrek langara jaurti du falta bat. Etxekoek bukaera aldean izan dituzte aukerarik garbienak: Caparen jaurtiketa, area barrukoa, Herrera atezainak atera du, eta Adurizen burukada bat zutoinera joan da. Hortxe bukatu da Athleticen itxaropena, Osasunaren poza hastearekin batera. 

FITXA

Athletic 0: Unai Simon; Capa, Yeray, Unai Nuñez, Iñigo
Martinez, Yuri; Vencedor (Ibai Gomez, 74. min), Vesga, Raul Garcia
(Aduriz, 68. min); Williams eta Villalibre (Sancet, 46. min).

Osasuna 1: Sergio Herrera; Nacho Vidal (David Garcia, 88. min),
Unai Garcia, Aridane, Roncaglia, Estupiñan; Oier Sanjurjo (Fran
Merida, 91. min), Darko Brasanac, Iñigo Perez; Adrián (Roberto Torres,
76. min) eta Enric Gallego.

Golak:0-1: Oier Sanjurjok (29. min).

Epailea: Gonzalez Fuertes. Txartel horiak: Athleticeko Vencedor, Iñigo Martinez
 eta Adurizi; eta Osasunako Roncaglia, Oier, Enric Gallego eta  Brasanaci. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.