Streaming plataformak

Filmin Euskaraz jaio da, euskarazko lehen 'streaming' kanala

Dokumentalak, fikiozko filmak eta haurrentzako zintak euskaraz topa daitezke ordainpeko plataforma horretan. Europako lan ospetsuak euskarazko azpidatziekin jartzeko asmoa azaldu du Filminek. Euskal Herri osoan ikus daiteke, baina Iparraldean ikusteko harpidetza Hegoaldean egin behar da.

'Agur Etxebeste!' filma. BERRIA
urtzi urkizu
2020ko otsailaren 17a
17:13
Entzun

Filmin Euskaraz jaio da gaur, 40 pelikula eta dokumentalekin baino gehiagorekin. Euskarazko lehen streaming kanal hori «euskal produkziorik onenetarikoak biltzeko asmoarekin« sortu du Filmin ordainpeko plataformak (Herrialde Katalanetan sortua da). Euskaraz sortu, euskarara bikoiztu edo euskaraz azpidatzitako lanak eskura egongo dira www.filmin.es/canal/filmin-euskaraz helbidean.

Oraingoz, 40 lan inguru daude plataforman: Koldo Almandozen Oreina, Telmo Esnalen Dantza, Roberto Castonen Ander, eta Jon Garañoren eta Jose Mari Goenagaren Loreak aurki daitezke, baita Asier Altunaren eta Telmo Esnalen Agur, Etxebeste ere —iaz estreinatu zuten Donostiako Zinemaldian—. Dokumentalen artean, Oier Aranzabalek Mikel Urdangarin musikariaren inguruan egindako Margolaria aipa daiteke. Baita Josu Martinezen Jainkoak ez dit barkatzen lana ere. Era berean, Gure Oroitzapenak  aurki daiteke plataforman, Joseba Sarrionandiaren obran oinarritutako film kolektiboa. Euskarazko kanalean, Oskar Alegriaren, Maider Oleagaren, Fermin Muguruzaren eta Eugene Greenen lanak ikusteko modua dago.

Filmin Euskaraz hiru bloketan banatuta dago: fikziozko filmak, dokumentalak eta haurrentzako zinema. Azken bloke horretan, Mark Osborneren Printze Txikia aurki daiteke, baita Dragoi Bola ere. Euskal ekoizpenen artean, Juan Bautista Berasategiren Nur eta herensugearen tenplua eta Gorka Sesmaren Pixi Post eta opari-emaileak animaziozko lanak daude.

Zinemarik onena euskal ikusleengana hurbiltzeko, Filminen asmoa titulu kopurua pixkanaka zabaltzea eta igotzea da. Laster, adibidez, Golem banatzaileak estreinatutako Europako zenbait lan ospetsu euskal azpidatziekin egongo dira eskuragarri Filmin Euskaraz kanalean.

Filmin Euskaraz ez da filmak eta telesailak eskaintzen dituen plataformaren lehenengo ekinaldia. Aurretik, katalanezko edukien kanala sortu zuten, Kataluniako Generalitatearen laguntzari esker; katalanez hitz egiten duten, bikoiztuta dauden edo azpidatziak dituzten 3.000 lan baino gehiago aurki daitezke gaur egun FilminCATen.

Euskarazko kanalak ez du laguntza publikorik jaso

Jaume Ripollek sortu zuen Filmin plataforma, eta bera da zuzendari editoriala. Iragarri du martxoan pelikula gehiago jarriko dituztela euskarazko kanalean. «Iristen zaizkigun heinean, gaineratuko ditugu. Horien artean, Golem banatzailearen Europako zenbait film egongo dira, azpidatziekin».
Filminek ez du laguntza publikorik jaso euskarazko lanekin osatutako kanala martxan jartzeko. «Ondo legoke babesak izatea. Hurrengo pausoa sendoa bada, erakunde publikoen laguntzekin beharko du izan», esan du Ripollek. «Ea kontzientziak mugitzen diren».
Euskal Herrian, ehunka pelikularen euskarazko azpidatziak eginak daude, baina haien zabalpena ez da beti erraza izaten. Ripollek esan du oraingoz banatzaileek bidaltzen dizkieten azpidatziak erabiliko dituztela. «Baina gure borondatea da aurrera jotzea, eta gustura hartuko genituzke euskarazko azpidatzi gehiago».

Ripollek nabarmendu du martxoaren 1ean Universal Pictures estudioaren 80 film jarriko dituztela plataforman —gaztelaniaz—. Udazkenean, Metro Goldyn Mayer banatzailearen 110 film inguru jarri zituzten, gaztelaniaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.