Ingurumena

Hontz handi bat ikastolan matrikulatu da

Donostiako Herri Ametsa ikastetxean bisitari berezia jaso dute, eta irakasleak haurren pozaz baliatu dira.

Edu Lartzanguren.
2020ko otsailaren 18a
14:18
Entzun

Umeak txundituta geratu ziren atzo eguerdian, hegazti handi batek aterpe hartu zuenean Donostiako Herri Ametsa ikastolako jolastokiko harri batean. «Aldundira deitu genuen, gaixorik zegoelakoan», adierazi du Xabier Amilibia ikasketa buruak.

Basozainak heldu zirenean jakin zuten ikasleek hegaztia hontz handia espeziekoa zela. Teknikaria saiatu zen animalia kartoizko kutxa batean sartzen, baina hegaztiak ihes egin zuen, eta liburutegiko teilatura hegaldatu zen, haurren garrasien artean. «Basozainak azaldu zigun zaharra dela, baina ez dagoela gaixo». Harrituta zegoen teknikaria ere, hontz handiak gaueko animaliak baitira, eta euren lur eremuari estu atxikiak.

Ikastolako ikasle-irakasleek espero ez zutena gertatu da geroztik: hontza inguruan geratu da. Mika bat du ondoan, eta, antza, bi txoriek ez diote beldurrik elkarri. «Garai batean izan genituen hontzak-eta inguruetan», azaldu du Amilibiak. Izan ere, ikastola Ulia mendiaren magalean dago, hirigunetik aparte samar.

Ikasketa buruak esan duenez, agian babesleku edo habia moduko bat egingo diote hontzari. Irakasle batzuk hasi dira ikasjarduera batzuk sortzen, hegaztion inguruan. «Aprobetxatu behar dugu aukera, haurrak zoratzen daude eta». Ez dago jakiterik hontzak asko ikasiko duen, baina gauza bat ziurra da: arreta handiz entzungo ditu ikasgaiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.