Zientzia

Neanderthalen «hileta errituak» frogatzeko beste aztarna bat

Neanderthal heldu baten gorpuzkiak topatu dituzte Hego Kurdistanen, inguruan polen arrastoak dituela, eta hori hileta errituaren frogatzat har daiteke. Hezurren osotasunak informazioa eman lezake espeziearen bizimoduaren eta hiltzeko moduaren inguruan.

Shanidar Z-ren hezurduraren goiko zatia. GRAEME BARKER
Iosu Alberdi.
2020ko otsailaren 19a
16:24
Entzun

Hego Kurdistango Shanidar koba aurreko mendearen erdialdean egin zen ezagun, Ralph Solecki arkeologoak hamar neanderthalen gorpuzkiak aurkitu zituenean, zazpi heldurenak eta hiru haurrenak. Haietako batzuek polena zuten inguruan. Soleckirentzat, aurkikuntzak frogatzen zuen espezie hark hildakoak lurperatzen zituela eta «loreekin hileta errituak» egiten zizkietela. Halako zerbait planteatzen zen lehen aldia izan zen, ordura arte ez baitzen pentsatzen neanderthalak horretarako gai zirenik. 50 urte baino gehiago igaro ostean, beste gorpu baten arrastoak topatu dituzte leizezulo hartan. Cambridgeko Unibertsitateko ikertzaileen arabera, 70.000 urte inguru ditu, eta, aurrekoek bezala, polen arrastoak ditu inguruan, hileta errituen teoriaren indargarri. Graeme Barker arkeologoaren arabera, «aztarna nahikoa dago nahita lurperatu zutela frogatzeko».

Sedimentu berriak topatu nahian ireki zuten haitzuloa 2018an, baina 40 eta 60 urte arteko neanderthal heldu baten eskeletoaren parte bat aurkitu zuten han. Gainera, aurrekoek ez zuten berezitasun bat du Shanidar Z-k —hala bataiatu dute—. Haren gainean pilatu diren sedimentu eta hezurren ondorioz apurtutako garezurraz gain, gorpuaren goiko parteko hezurduraren zati handi bat topatu dute. Saihetsak, bizkarrezurra, eta ezkerreko besoa buruaren atzean kokatuta, kuxin bat balitz bezala.

Hezurren osotasunak espezie haren inguruko ikerketei indar emango diela uste dute aurkikuntzan parte hartu duten arkeologoek. «Neanderthalen bizileku izaniko leku honetako lehen eskuko froga kalitatekoak edukitzeak bide emango dio behaketarako teknologia berriak erabiltzeari», azaldu du Cambridgeko Unibertsitateko paleoantropologo Emma Pomeroyk, «DNAtik hasi eta neanderthalen hiltzeko moduetara; ea gureen antzekoak ziren». Unibertsitate hartako laborategietara eraman dute gorpua, haren berreraiketa digitala egiteko asmoz.

Ikertzaile taldea leizean aurkitutako sedimentuak ere aztertzen ari da; besteak beste, neanderthalen bizitzeko moduaren inguruko informazioa jaso ahal izateko. Hor barruan dira hileten froga liratekeen polen arrastoak. Arkeologoen esanetan, Soleckik topatutako neanderthaletako lauk eta azken aurkitutakoak «talde bakarra» osatzen dute. Horrek irekita utziko du taldea bere hildakoak lurperatzeko behin eta berriz haitzulo berera itzuli izanaren teoria. Horren alde egiten du Shanidar Z-ren buru gainean harri handi bat aurkitu izanak, lurperatzeko lekua seinalatuko lukeena.

Halere, zaila da jakitea egunak, urteak edo mendeak igaro ziren batzuen eta besteen heriotzen artean. Izan ere, neanderthalak duela 400.000 eta 40.000 urte biratean bizi izan ziren Eurasian, Ozeano Atlantikotik hasi eta Ural mendikateraino.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.