REALA 3-0 VALENTZIA

Txapeldunen Ligako postuetan dira txuri-urdinak

Realak bikain jokatuta irabazi dio Valentziari, eta Txapeldunen Ligako postuetan dago behin-behinean. Merinok, Monrealek eta Januzajek sartu dituzte golak

Realeko jokalariak, Januzajen gola ospatzen, partidako hirugarrena. JON URBE / FOKU
jon eskudero
2020ko otsailaren 22a
21:18
Entzun

Inauteri giroa baliatuta, inork baino mozorro hobea hautatu du gaur Realak, Pep Guardiolak zuzentzen zuen Bartzelona erraldoi haren itxura hartu baitzuen bete-betean. Hasi eta buka, distiratsu eta gustagarri jokatu duten txuri-urdinek, eta hankapean ibili dute Valentzia. Astebete pasako atsedenaldiak mesede handia egin dio Imanol Alguacilen taldeari, eta lehen zatia aski izan du partida bideratzeko. Kalitatea lagun, Merinok eta Monrealek egin dituzte golak, eta bigarren zatia hasi eta berehala Januzaj batu da golegileen zerrendara. Denboraldia une erabakigarrian sartzen hasi den honetan, baikor izateko motiboak eman ditu Realak, eta zenbakiek ez diote bestelakorik. Sevillak eta Atletico Madrilek igandean egingo dutenaren zain, Txapeldunen Ligako postuetan dira txuri-urdinak. Gainera, kontuan hartu behar da neurketa bat falta dutela jokatzeko, Eibarren aurkako derbia.

Erabat plan ezberdinarekin zelairatu dira bi taldeak. Realak atseden luzea izan du partida prestatzeko, eta ez da hori izan Valentziaren kasua. Izan ere, pasa den asteazkenean kolpe gogorra jaso zuen Txapeldunen Ligan, Atalantaren aurka 4-1 galduta. Ordezko jokalari askorekin jokatu dute bisitariek, eta ederki baliatu dute aukera etxekoek. Bizi jokatu dute hasieratik, baloiaren kontrola eurena zela, eta Valentziaren asmoa kontraerasoan irtetea izan da. Horretara mugatudu bere jokoa, Gameiro eta Ferran Torresen abiadura baliatu nahirik. Haien planak ezin hobetu deuseztatu ditu Realak. Defentsako lerroa bikain aritu da goian presio eginez, eta erasoko jokalariak distiratsu aritu dira. Ordu laurdena bete aurretik heldu da 1-0ekoa. Zalduaren erdiraketan ez dira fin egon Valentziako atzelariak, eta Merinok bakarrik bidali du baloia sareetara, buruz. Golak lasaitasuna eman dio Realari, eta atsedenaldira bitarteko jokoa oso gustagarria izan da. Isakek izan dituen pare bat aukera bigarren gola egiteko, baina ez du asmatu. Valentziak, ordea, ia usaindu ere ez du egin Remiroren atea. Gauzak hala, bazirudien 1-0eko emaitzarekin helduko zirela bi taldeak atsedenaldira, baina 47. minutuan Monrealek egin du gola. Odeegardek kornerra atera, Aritzek baloia orraztu eta nafarrak ez du barkatu. Gol sena duela erakutsi du berriro.

Atsedenalditik bueltan, bere planak aldatu beharrean zen Valentzia, eta aldaketa bat ere egin du. Ordea, plan horiei erantzuteko modurik onena hautatu du Realak, hirugarren gola egitea. Januzajek sekulako ezkerkada bidali du sareetara 48. minutuan. Guztiz erabakita utzi du lehia hirugarren gol horrek. Gehiagorako aukerak ere sortu dituzte txuri-urdinek, baina ez dute golik egin. Bada, bolada onari jarraipena emateko aukera izango du Imanolen taldeak datorren ostiralean, Valladolid hartuko baitu etxean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.