Lan merkatua

Emakumeei egindako kontratuen erdiak lanaldi partzialekoak dira

Iaz sinatutako kontratuen %92,2 behin-behinekoak izan ziren; mugagabeak, berriz, %7,8. «Langile pobrearen figura egonkortu egin da», salatu du ELA sindikatuak.

Emakume batzuk lanean, arrain kontserba enpresa batean, Euskal Herrian. JON HERNAEZ / FOKU
jokin sagarzazu
2020ko otsailaren 25a
15:39
Entzun

Emakumea eta gaztea. Aurpegi hori dute egungo «langile pobreenek». Hala ondorioztatu du ELA sindikatuak iaz egin ziren lan kontratuetatik. Oro har, 2019an sortutako enpleguek erakusten dute soldata txikikoak direla, eta handia dela behin-behinekotasuna eta partzialtasuna; bereziki, zerbitzuen sektorean lan egiten duten gazte eta emakumeen artean. Iaz sinatutako kontratu gehien-gehienak (%92,2) behin-behinekoak izan ziren; mugagabeak, berriz, %7,8 —%8,2 gizonen kasuan, eta %7,4 emakumeen kasuan—.

SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoaren datuen arabera, Hego Euskal Herrian, guztira, 1.406.992 kontratu egin ziren iaz; horietatik %50,4 emakumeei egin zizkieten, eta %49,6 gizonei. Kontratu guztien %36,9 lanaldi partzialekoak izan ziren. Sindikatuak azpimarratu duenez, are nabarmenagoa da hori emakumeen kasuan, haiei egindako kontratuen erdiak gisa horretakoak izan baitziren.

ELAk erakunde publikoak egin ditu egoeraren erantzule, eta, bereziki, Eusko Jaurlaritza. Azpimarratu du bere menpeko administrazioko langileen behin-behinekotasuna dela «[Espainiako] Estatuko altuena», eta sektore pribatuarekin konparatuta, hamazazpi puntu handiagoa dela.

Datuok «prekaritate handiaren sinonimo» direla azpimarratu du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak. «Langile pobrearen figura egonkortu egin da». Sindikatuak enplegu politiken «erabateko aldaketa» eskatu du; besteak beste, lan erreformetan atzera egitea, lanaldia 35 ordura murriztea, eta behin-behinekotasuna eragozteko lan ikuskaritzak «benetan ekitea», Lakuntzaren arabera kontratu mota horietako «gehienak» legez kanpokoak direlako.

Salbuespena arau

ELAko buruzagiak salatu du zabor kontratuak deiturikoak «salbuespena» zirela lehen, eta orain «arau» bihurtzen ari direla, patronalen eta gobernuen arteko «aliantzaren» ondorioz. «Adar jotzea da patronala malgutasun faltaz kexatzea, eskura baitu kontratazio-formula sorta zabala». Errealitate horrek «azalpen politiko bat» duela nabarmendu du. «Patronalei boterea eman zaie, eta 30 urtez egindako erreformen emaitza da egoera».

Lakuntzak azpimarratu duenez, egungo lan ezegonkortasunak «goitik behera baldintzatzen» du pertsonen bizitza, eta pobrezia eta desberdintasun sozialak areagotzen ditu. Eta hori, halaber, lan istripuen ugaritzearekin lotu du.

Horren aurrean, Lakuntzak uste du «legedia goitik behera aldatu» behar dela eta «lan erreforma ugari indargabetu» behar direla. Era berean, lan ikuskaritza indartu behar dela adierazi du, eta kontratazioen hobariak ezabatzearen alde azaldu da.

Espainiako Gobernu berriak aurrera eraman ditzakeen politikei buruz, Lakuntzak ez du uste lan erreforma bere osoan indargabetuko duenik, eta «gauza batzuk egiten» ari den arren, adierazi du horiek «oso partzialak» direla eta oso modu «neurriz gainekoan» aurkezten ari direla.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.