Glefaran biomasa plantaren isuriak aztertuko dituzte

Zallako eta Gueñesko udalek eskatutako ikerketa da. Herri horietako hainbat plataformak urteak daramatzate egoera salatzen.

Glefranen aurkako manifestazioa, urtarrilean. ARITZ LOIOLA, FOKU
Iosu Alberdi.
2020ko otsailaren 26a
18:22
Entzun

CSIC ikerketa zentroko, EHUko eta CIEMAT Energia, Ingurumen eta Teknologia Ikerketa Zentroko hemezortzi ikerlarik Glefaran biomasa plantaren isuriak eta Zallako eta Gueñesko airearen kalitatea neurtuko dituzte. Zallako eta Gueñesko udalek eskatu dute ikerketa egiteko, eta, Eusko Jaurlaritzari adierazi diotenez, datozen asteetan egingo dira neurketak. Besteak beste, Glefaran plantako tximinietan jarriko dituzte neurgailuak.

Zallako alkate Juanra Urkijok (EAJ) eta Gueñesko Imanol Zuluagak (PSE) adierazi dute plantak sor dezakeen kutsaduraren «edozein zalantza» ezabatu nahi dutela ikerketa «independente, aditu eta zorrotz» horrekin. Gaineratu dute «anomaliaren bat» topatuz gero beharrezko neurriak hartzen lagunduko lukeela ikerketak: «Lasaitasuna eta segurtasuna emango dizkie herritarrei».

Zaldibarko zabortegiko ezbeharraren harira, Glefaran plantaren inguruko eztabaidak indar hartu du, nahiz eta berria ez izan. Izan ere, Zalla Bai herri plataformak behin eta berriz salatu du Glefaranek ere dioxinak eta furanoak kanporatzen dituela tximiniatik. «Hemen dioxinak eta furanoak egunero igortzen dira, une oro, ez istripu bat gertatu delako. Hemen ez da neurketarik egin, baina frogatuta dago halako plantek asko kutsatzen dutela eta minbizia eragiten dutela», azaldu zion Javi Portillo Zalla Bai-ko kide eta herriko alkate ohiak BERRIAri.

Udalek azaldu dute orain arte eginiko txosten guztiak jarri dituztela ikertzaileen esku, baita biomasa plantaren aurkako Gueñes Bizia plataformak eginikoak. Plataforma horretako kide bat gose greban egon zen otsailaren 10etik 21era, zehazki, Zallako eta Gueñesko udal arduradunei Glefarani buruzko eztabaida publikoa eskatzeko, egin ez dutena. Plataforma berak auzitara eraman ditu enpresa eta Jaurlaritza, eta auzibideak aurrera jarraitzeko 15.000 euroko bermea lortu nahian dabiltza.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.