El Salvador

Gerra krimenengatik zigortutakoei espetxealdia murrizten dien lege bat onartu dute El Salvadorren

Nayib Bukele presidenteak ohartarazi du ez duela legea berretsiko baldin eta ez baditu bermatzen «egia, erreparazioa eta justizia».

Giza eskubideen aldeko ekintzaileen protesta, atzo, Parlamentuan. RODRIGO SURA, EFE
2020ko otsailaren 27a
09:56
Entzun

Aldeko 44 botorekin onartu zuten atzo El Salvadorren Adiskidetze Legea deritzona. Haren arabera, gerra krimenak eta gizateriaren aurkako delituak egin dituztenen kasuan, legeak aukera ematen zuen laurden bat murrizteko agintariekin elkarlanean aritzen direnen zigorra edo egindako krimenak aitortzen dituztenen zigorra.

Hala ere, legeak FMLN Nazio Askapenerako Farabundo Marti Frontearen eta Batasun Nazionalerako Aliantza Handiaren aurkako botoak jaso ditu. Nayib Bukele El Salvadorko presidentea bera ere kontra agertu da, eta ohartarazi du «amnistia lege mozorrotu bat» onartu dutela.

Bukelek ohartarazi du ez duela onartuko «egia, erreparazioa eta justizia aintzat hartzen ez dituen legerik», eta gatazka armatuaren biktimen eskubideak «ez errespetatzea» egotzi die proposamena onartu dutenei. Legea ezin da indarrean sartu presidenteak berresten ez badu.

Biktimen elkarteak ere legearen aurka agertu dira, eta salatu dute proposamena «baliogabea» dela. «Gerra kriminalen erantzukizuna ezkutatzeko engainu bat da. Gutxieneko zigorrak beteta kalera ateratzea ahalbidetzen diete».

Nazio Batuen Erakundeko Egiaren Batzordeak egindako txostenaren arabera, 1980tik 1992ra artean 22.000 indarkeria salaketa jaso zituzten. Gerra zibila amaitu eta urtebetera El Salvadorko Gobernuak Amnistia Lege bat onartu zuen, baina, 2016an, Gorenak konstituzioaren aurkakotzat jo zuen, eta ohartarazi gizateriaren aurkako delituak ez dutela preskribatzen eta, beraz, ezin dela oztopatu horiek ikertzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.