Zerga iruzurra

Bizkaiko Ogasunak 504 milioi euroko iruzurra azaleratu zuen 2019an

Zatirik handiena, %72, BEZaren ordainketaren irregulartasunetan eragin zen. Ustezko hiru delitu fiskal ere igorri dizkio ogasunak fiskaltzari.

Jose Maria Iruarrizaga eta Iñaki Alonso, gaurko agerraldian. BIZKAIKO FORU OGASUNA
Paulo Ostolaza.
2020ko otsailaren 28a
13:15
Entzun

Bizkaiko Foru Ogasunak ia milioi erdi jarduera egin zituen iaz zerga iruzurraren aurka, eta, lan horri esker, 504 milioi euroko iruzurra azaleratu ahal izan zuen, 2018an baino 16 milioi gehiago. Berreskuratutako diruaren %72 BEZaren ordainketetan egindako iruzurrari dagokio —363 milioi euro—.

Iruzur gehien jasan duten beste zergak dira egin gabeko edo gaizki aitortutako atxikipenena (45 milioi euroko iruzurra), sozietateen gaineko zergaren likidazioena (43 milioi euro), eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergarena (30 milioi euro). Horretaz gain, ogasunak ustezko hiru delitu fiskal igorri zizkion fiskaltzari, guztira 1,9 milioi euroko zenbatekoa osatzen zutenak.

Gaur goizean eman dute datuon berri Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantzako foru diputatuak eta Iñaki Alonso Ogasuneko zuzendari nagusiak. Zenbakiez gain, joan den urtean zerga iruzurra azaleratzeko martxan jarri zituzten neurri berriak nabarmendu dituzte. Tartean, prebentzio jarduerak. Informazioa eta laguntza emateko BILA plataformak, adibidez, gero eta erabiltzaile gehiago ditu: 2019an 1.321.382 aitorpen aurkeztu ziren Internet bidez, 2018an baino %3,67 gehiago. Tributuen arloko hezkuntza moduluan, berriz, DBHko eta Batxilergoako 112 ikastetxek hartu zuten parte azken sasoian.

Joan den urteko agerraldian aurkeztu zuten Batuz programa ezartzeko prozesua ere aurrera doa; sistema hori jarduera ekonomikoen zerga ordainketak kontrolatzeko da, eta uztailaren 1etik aurrera jarriko du martxan aldundiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.