Katalunia

Puigdemont: «Presta gaitezen behin betiko borrokarako»

Errepublikaren Kontseiluak deituta, milaka independentista elkartu dira Perpinyan, erbestera jo zuten buruzagi katalanei babesa emateko. Espetxeratutakoen mezuak ere irakurri dituzte.

Carles Puigdemont, eguerdian, Perpinyako hitzaldian. QUIQUE GARCIA / EFE
Andoni Imaz.
2020ko otsailaren 28a
18:46
Entzun

Kataluniako independentistek 2020ko lehen ekitaldi handia egin dute gaur. Milaka pertsona joan dira Ipar Kataluniako Perpinya hirira, Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiarekin eta harekin erbestera joandako kontseilariekin batera egotera; 150.000, antolatzaileen esanetan. Errepublikaren Kontseiluak antolatu du ekitaldia, eta azaldu du badutela zer ospatua, baina baita zer salatua ere: poza adieraziko dute Puigdemont, Toni Comin eta Clara Ponsati eurodiputatuak direlako, baina kritikatuko dute «Espainiako injustizia», Oriol Junquerasi ez diotelako Europako Parlamentura joaten utzi.

Hara joandako independentista guztiek harrera beroa egin diote Puigdemonti, leporaino betetako parkean; hura izan da hitz egiten azkena. «Presta gaitezen», errepikatu du. Prestatu etengabeko mobilizaziorako, berriro bozkatzeko, «behin betiko borrokarako», «askatasuna irabazteko».

Haren aurretik, Cominek eta Ponsatik hitz egin dute, eta aurkezleek espetxeratutako buruzagi independentistek idatzitako gutunak irakurri dituzte. Haiek batasuna eskatu diete independentistei, eta, ekitaldia Ipar Katalunian egin dutenez gero, «Kataluniaren batasuna» aldarrikatzeko ere aprobetxatu dute aukera.

Ponsatik Espainiako Gobernuaren aurka jo du: «Ez gaituzte engainatuko Pedro Sanchezek denbora irabaztea beste helbururik ez duten elkarrizketa mahaiekin», esan du agertokitik. «Ez gaituzte aske egingo inoiz emandako hitza betetzen ez dutenek egindako promesek».

Cominek ere konfrontazioaren alde hitz egin du, eta nabarmendu du autodeterminazio eskubidea gauzatzeko «ekintza gehiago, konpromiso gehiago eta sakrifizio gehiago» beharko dituztela, «beti ez-indarkeriaren bidetik». Hark ere «prestatzera» dei egin die independentisten, konfrontazioa ondo ateratzeko baldintzak ezin direlako «inprobisatu».

Ekitaldi nagusia ordubete atzeratu dute, autobus asko bidean zirelako. AP-7 autobidean sei kilometro baino gehiagoko auto ilarak egon dira, Jonquera parean.

Puigdemont atzo iritsi zen Herrialde Katalanetara, eta gaur goizean hartu du parte lehenengo ekitaldian, Jean-Marc Pujol Perpinyako alkatearekin eta Quim Torra Generalitateko presidentearekin batera. Ekitaldi horretan, presidente erbesteratuak hiriaren «elkartasuna» eskertu du: «Katalanok laguntza eta elkartasuna behar izan dugun guztietan, argi bat bilatu dugu mendeetan atzetik izan dugun iluntasunaren artean, eta Perpinyan topatu dugu hori», esan du.

Kataluniako Parlamentuan ordezkariak dituzten alderdi independentistak zatituta daude egun. JxCko kontseilari eta diputatu guztiak han dira —alderdi horretakoak dira Puigdemont, Comin eta Ponsati—. ERCko zenbait ordezkari ere joan dira, baina ez alderdiko buruak. CUPek, berriz, adierazi zuen ez dela alderdiko kiderik joango «modu formalean behintzat», ekitaldian «nolabaiteko partidismoa» egongo delakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.