Leganes 1 - 1 Alaves

Alavesek berdindu egin du, aurrea hartu ondoren

Gasteiztarrek ontzat eman dute puntua, Leganes azken-aurrekoaren etxean. Partida orekatua jokatu dute bi taldeek.

Alaveseko jokalariak Lucas Perezen gola ospatzen, gaur, Butarquen. FERNADO ALVARADO / EFE
Jon Ander De la Hoz.
2020ko otsailaren 29a
20:45
Entzun

Markagailuak justizia egin du gaur Butarque estadioan. Leganesek eta Alavesek bana egin dute espainiarren etxean, eta aho zapore ezberdinarekin amaitu dute bi taldeek. Gasteiztarrek ontzat eman dute puntua; aurrea hartu dute bigarren zatiaren hasieran, baina pozak gutxi iraun die. Mendizorrotzatik urrun puntu bat zakuratzearekin konformatu dira. Kalekoa izan da berdinketa Leganesentzat, puntu premia gorrian denez gero.

Bi taldeak garaipen gosez zelairatu arren, kosta zaie aurkariaren mataza askatzea. Zulotik ihes egin nahian da Leganes, eta Javier Aguirre prestatzaileak proposamen ausart batekin heldu dio partidari. Atzeko lerroan hiru jokalari kokatu ditu, hegal osoan ariko ziren bi taldekidez lagundurik. Alavesek, berriz, ohiko eran zelairatu ditu jokalariak, baina ez talde batek, ez besteak, ez du lortu aurrea hartzea.

Orekatua izan da lehen erdia. Leganesek izan du partidako  jokoa antolatzeko ardura lehen minutuetan, baina pixkanaka bere lekua egin du Alavesek.

Halere, etxeko taldeak izan ditu lehen zatiko aukerarik argienak. Oscarrek sortu du arriskurik handiena, eta hark bi gol sartzeko aukera izan du lehen zatian. Hegaletik ateratako falta baten ostean izan du lehena, 10. minutuan, eta atsedenaldira joan aurretik bigarrena. Pacheco atezainak atera ditu biak, eta lehen zatian hutsean amaitu da.

Oso bestelakoa izan da atsedenalditik itzulerakoa. Ernai zelairatu da Alaves, eta ondo baino hobeto aprobetxatu du izandako lehen aukera. Joseluk egindako erdiraketak Leganeseko Omeruo atzelaria jo du, eta area barruan geratu da baloia. Hura astindu, eta Alaves aurretik jarri du Lucas Perezek.

Partidak zapore ona hartu dio Asier Garitanoren taldeari, baina pozak gutxi iraun dio. Beharrak eraginda, urrats bat egin du Leganesek, eta estutasunetan jarri ditu babazorroak. Alavesek gola sartu eta hamar minutura balantza orekatu dute espainiarrek. Oscar izan da golaren sorburua; aise eraman du baloia, eta erdiraketa bikain baten ostean sarera errematatu du Carrillok, buruz.

Ordutik aurrera, deseroso aritu da Alaves, eta ontzat eman du etxetik kanpora puntu bat biltzea. Alabaina, azken minutuan aukera bikoitza izan du mahai gainean kolpea jo eta irabazteko. Lucas Perezek eta Duartek aukera bana izan dute, baina Cuellarrek ondo alderatu ditu bi erremateak. Irabazi ezean, puntuarekin konformatu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.