AHT

Atxondon AHTaren aurkako ekintzak egin dituzte, eta udalaren jarrera salatu dute

Zenbait herritarrek esan dute AHTaren obra «txikizioa» litzatekeela herriarentzat, eta udala kritikatu dute hari «alfonbra gorria jartzea» leporatuta.

2020ko martxoaren 4a
20:11
Entzun

Iragan ostiralean, otsailaren 28an, AHTaren obrak salatzeko elkartu ziren Atxondoko (Bizkaia) herritar batzuk: buzo zuriak jantzi, eta protesta egin zuten kalean. Udal gobernuaren kontra aritu ziren, «atxondarrek erabakitakoaren gainetik» obrak babestea egotzita. Adierazi dute oraindik «garaiz» daudela trena geratzeko, eta manifestazio batera deitu dute hilaren 29rako.

Herriko maisu-maistren etxea hormaz itxi zuten; Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzaileak erabili behar du etxe hori. «Lotsagarria iruditzen zaigu herri hau porlanez betetzeko asmoa dutenek etxe hau erabiltzea. Horregatik itxi dizkiogu ateak: ez baldin bada herriarentzat, ez dadila izan herria txikitzeko asmoz datozenentzat!», esan dute Atxondoko AHTaren kontrako plataformakoek ohar batean. Haien ustean, atxondarrak «erreferenteak» izan dira trenari oztopoak jartzen. Herrian tren lasterraren aurka egindako borrokaren hastapena 2003. urtean koka daiteke, eta hari aurre egiteko lan berezia egin dute orduz geroztik.

Salatu dute alkatea eta udal gobernua «isilpean» daudela. «Gaur egungo sisteman, batzuen interes ekonomikoa lehenesten dutenek era ankerrean kolpatzen dituzte ingurumena eta osasuna», plataformaren hitzetan. «Ez al da nahikoa Zaldibarren gertatu denarekin? Luiziak agerian utzi du ustelkeria guztia, eta buruzagiek ez dute aurpegirik ematen», salatu dute. Nabarmendu dute gauzak «beste era batera» egin daitezkeela, eta jarraituko dutela trenaren aurkako ekintzak antolatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.