Atxondo, AHTaren hesia

Atxondo-Abadiño arteko tren lasterreko lanak lizitatuko dituela agindu du Madrilek. Udalak ohartarazi du proiekturik ere ez dagoela, eta desjabetzeak egin gabe daudela.

inaki petxarroman
2014ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
AHTari aurre egiteko lan berezia egin du Atxondok (Bizkaia) urteotan. Udalak Espainiako Sustapen Ministerioaren eta Adifen tramitazioa etengabe oztopatu duenez —besteak beste, desjabetzeak atzeratuz— gaur egun proiekturik ere ez dago Atxondo-Abadiño tartean. Alabaina, Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak agindu du bihar lizitatuko dituela AHTaren zati horretako lanak. Hala balitz, tarte bakarra legoke Bizkaian lanak hasi gabe, Euskal Y-ko korapiloko Elorrio-Elorrio tartea. Aldiz, Atxondoko alkate Rosa Elizburuk (EH Bildu) garbi dauka ezinezkoa duela Adifek Atxondoko zatian lanak hastea, aurretik proiektua onartu eta desjabetzeak egin behar lituzkeelako.

Atxondok tren lasterraren aurka egindako borrokaren hastapena 2003an koka daiteke. Orduan, udalak MECSA aholkulari enpresari ikerketa bat eskatu zion proiektuak herrian egin litzakeen kalteen inguruan. Ikerketa haren arabera, ingurumen kalteak «handiak» izango ziren, besteak beste, trena etxebizitzen ondotik igaroko denez, eragin akustiko itzela sortuko duelako. Ondorioz, MECSAk ohartarazi zuen azpiegitura eginez gero Atxondok erakargarritasuna gal lezakeela, eta biztanleria galtzen hasi.

Ikerketa hura tiraderan sartu zuen EAJren udal gobernuak, baina 2007ko udal hauteskundeak EAE-ANVk irabazita, David Cobos alkatearen eskutik, indar berriturik ekin zioten azpiegituraren aurkako lan sozial eta instituzionalari. Besteak beste, 2007an herri galdeketa bat antolatu zuten. Parte hartzea %40 izan zen, eta %98k kontrako boza eman zuten.

Udala ere oztopoak jartzen hasi zitzaion tramitazioari. Rosa Elizburu alkatearen esanetan, Adifetik edo Sustapen Ministeriotik edozein agiri iritsiz gero, udala forma eta prozedura hutsak aurkitzen saiatu da. «Forma eta prozedura akats ugari egoten da agirietan, eta, ondorioz, guk dena atzera bota izan dugu».

Horren ondorioz, hiriburuetako loturak eta Bergarako lotunea kenduta, proiektua onartu gabe eta derrigorrezko desjabetzeak egin gabe dauden zati bakarretako bat da Atxondo-Abadiño. Tarteak 5,66 kilometro dauzka, eta116 milioi euroko kostua.

Atzo, EAJko bozeramaile Aitor Estebanek egindako galdera bati erantzunez, Mariano Rajoyk iragarri zuen bihar lizitatuko duela zati hori ministroen kontseiluak. Elizburu alkatearen ustez, iragarpen hori ezingo du bete Rajoyk, behintzat Atxondoko zatiari dagokionez. «Beharbada zati horretako Abadiñoko partean egin dezakete zerbait», iragarri du.

Eredu bat, AHTaren aurka

Atxondok AHTa oztopatzeko lan berezia egin duela onartu du alkateak. Bat dator Mugitu! AHTaren aurkako mugimenduko kide Mikel Alvarez ere. «Esan daiteke Atxondok lan eredugarria egin duela AHTaren aurka».

Elizbururen ustez, beste herrietan Atxondok hartutako jarrera berari eutsi izan baliote, obrak are eta atzeratuago egongo ziren. «Atxondora 2012an etorri ziren azken aldiz teknikariak, eta bidali egin genituen ez zutelako hemen ezer egiteko baimenik. Aurrerantzean berdin jarraituko dugu», ohartarazi du alkateak.

Bestalde, gaur AHT Gelditu! Elkarlanak deituta, protesta egingo dute Bilbon Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, 18:45ean, aurrekontuetan tren lasterrak hartu duen pisua salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.