Katalunia

Pertsona bat hil da Bartzelonako enpresa kimiko batean izandako leherketan

Sant Marti barrutian izan da ezbeharra, Montsolis industrialdean. Leherketaz geroztik desagertuta dagoen beste pertsona baten bila jarraitzen dute larrialdi zerbitzuek.

Proquibasa enpresan gertatu da leherketa. BERRIA
2020ko martxoaren 10a
15:59
Entzun

Pertsona bat hil da, eta beste bat desagertuta dago, Bartzelonako Proquibasa enpresa kimikoan izandako leherketaren ondorioz. Montsolis industrialdeko Trajana kaleko 47. zenbakian dagoen eraikinean izan da leherketa, 14:30ean. Hemeretzi pertsonak zauri arinak egin dituzte, eta bertan artatzen ari dira. Generalitateko eta Bartzelonako Udaleko suhiltzaileak joan dira ezbeharra izandako industrialdera, eta mossoak ikertzen hasi dira zerk eragin duen leherketa.

Mende beteko ibilbidea du Proquibasa enpresak, eta 50 bat langile aritzen dira bertan. Era askotako osagai kimikoak eta gaiak sortzen ditu: lubrifikatzaileen sektorean, hidrokarburoak, antioxidatzaileak, azido organikoak...; janarientzako gehigarriak eta botikentzako osagaiak ere sortzen dituzte; industria kosmetikorako osagaiak, disolbatzaileak eta garbiketarako gaiak ere bai, alkoholak-eta; bernizak, pinturak, itsasgarriak, erretxinak, pigmentuak eta beste gai asko ere bai. Generalitateko Babes Zibilak alerta kimikorako plana aktibatu du, leherketa gertatu denean. Herritarrentzat ez dela arriskurik sortu adierazi dute.

Joan den urtarrilaren 14an, beste leherketa bat gertatu zen beste enpresa kimiko batean, Tarragonan. Orduan hiru lagun hil ziren, horietako bat haren etxearen zati bat erorita. Iqoxe enpresatik bi kilometrora zegoen eraikina, Torreforta auzoan. Leherketa izan eta biharamunean, suhiltzaileek hilotz topatu zuten hiriko Canonja industrialde petrokimikoan bezperatik desagertuta zegoen langilea. Hirugarrena ere biharamunean hil zen, bezperan larri ospitaleratua izan ostean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.