Artea

Bilboko Arte Ederren Museoak Berueteren eta Regoyosen paisaiak bildu ditu

Erakusketak Jose Entrecanales eta Santiago Corral ingeniarien bildumak ditu oinarri. XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako lanak dira guztiak, eta Euskal Herriko hamaika txokoren irudiak topatu daitezke tartean.

Emakume bat BIlboko Arte Ederren museoan ikusgai jarritako Regoyosen koadro bati begira. ARITZ LOIOLA/ FOKU
Inigo Astiz
2020ko martxoaren 10a
16:29
Entzun

Kasik koadroz koadro senti daitezke pasatzen Aureliano de Beruete artistak (Madril 1845-1912) margotutako paisaietako ibai guztietako urak, irudi batetik besterako beren ibilbidean, sakonean, guztiak, pixkanaka eraldatzen doan korronte bakar bat balira bezala. Artistaren bilakaera artistikoa islatzen da ur horietan. 1901eko Bretainiako Laita ibaiaren irudiko ur geldo eta oretsu errealistekin hasi, 1906ko Manzanares ibaiaren margolaneko ur bizi eta distiratsu inpresionistetatik pasatu, eta, azkenik, 1911ko Tajo ibaiaren kolore mantxa berde adierazkorretara iristeko. Beruete da protagonista nagusia Bilboko Arte Ederren Museoak ireki berri duen Beruete, Regoyos eta Paisaia Jose Entrecanales eta Santiago Corral ingeniarien bildumetan erakusketan, baina, guztira, Iberiar Penintsulan sortutako XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako paisaiagintzaren 70 bat ale esanguratsu batzen ditu bildumak. Ekainaren 15era arte egongo da zabalik eraikineko 32. eta 33. aretoetan.

Erakusketak tituluan aipatzen diren bi ingeniarien bildumazaletasuna du oinarrian. Jose Entrecanalesek (Bilbo, 1899- Madril, 1990) eta Santiago Corralek ( Santander, Espainia, 1907- Madril, 1989) bizitza osoa eman zuten euren enpresekin irabazitako dirua artelanak erostera bideratzen, eta, urteekin, bilduma esanguratsua osatu zuten. Paisaia zen euren genero kuttuna. Haien bildumakoak dira orain Bilbon zintzilikatu dituzten lan gehien-gehienak. Bi ingeniarien begi ona eta bildumaren balioa goraipatu ditu Miguel Zugaza museoko zuzendariak. «Haien bildumako lanik ikusgarrienak dira ikus daitezkeenak». Bildumagile bakoitzaren argazki batekin hasten da erakusketako ibilbidea, horregatik, eta haien senideek ere hartu dute hitza aurkezpenean. Etxean, guztira, bere aitak 980 margolan izango zituela gogoratu du, adibidez, Maria de Corralek, eta horma guztiak koadroz goraino edukitzen zituztela esan du Juan Entrecanalesek.

Bi zutabe nagusiak

Diego Velazquez eta inpresionismoa aipatu ditu Berueteren eragin nagusitzat Javier Baron Thaidigsmann arte adituak. Madrilgo Prado museoko XX. mendeko pintura kontserbazioaren saileko burua da bera, eta berak egin ditu erakusketako komisario lanak. «Bizi zen artean, sekula ez zuen erakusketa propiorik egin», esan du. «Haren lana ez zen batere ezaguna, eta adituek bakarrik zuten haren berri». Gero etorri zen aitortza, neurri handi batean, Entrecanales, Corral eta beste bildumagile batzuen begiari esker. Erakusketan, inpresionismoa ezagutu aurreko lanekin hasten da hari eskainitako erakusketaren atala, eta koadroz koadro ikus daiteke haren garapena aretoan. Madrilgo eta bereziki Toledoko paisaiak dira nagusi bere lanen artean, baina Ingalaterrara, Italiara eta are Alpeetara egindako bidaietan margotutako irudiak ere ikus daitezke.

Batez ere Beruete da erakusketako protagonista, berrogei margolanekin, baina, neurri txikiagoan bada ere, leku berezia du ibilbidean Dario de Regoyos margolariak ere (Ribadesella, Espainia, 1857- Bartzelona, 1913). «Espainiako garai hartako paisaia pinturaren bi zutabe nagusiak dira». Bere kasa bide egindakoa da Beruete, eta Paris inguruko artearen eragina zuzenean ezagututakoa Regoyos.

Euskal Herriko hainbat txokoren irudiak ikus daitezke erakusketan, nagusiki Regoyosenak. "Euskal Herria izan zen bere hautazko herria", azaldu du komisarioak. Esanguratsua da, adibidez, Eiffel dorrearen aurrekaritzat jo ohi den Ormaiztegiko zubiaren irudia (Gipuzkoa), gainetik trena pasatzen ari dela. Hain zuzen ere, 36ko gerran suntsitutako zubi hori berregitea izan zen Corral ingeniariaren lanik ezagunenetako bat, eta horregatik erosiko zuen bildumarako ere. Baina, horrekin batera, besteak beste, Donostiako hondartzako eszenak, Bilbo pareko Ibaizabalen ertzetako industria gunearenak edota Areetako zubi esekiarenak ere margotu zituen artistak. Komisarioaren hitzetan, haietako bakoitzean maisu eta lagun izan zituen hainbat egileren arrastoa igar daiteke. Tartean dira, esaterako, Georges Seurat, Paul Signac, Camille Pissarro eta Edgar Degas.

Sorollaren eta Rusiñolen kasuak

Beruete eta Regoyos dira erakusketako zutabe nagusiak, baita sasoiko paisaia pinturaren erreferente handienak ere, baina, beste margolari batzuen lanak ere bildu dituzte museoan haienekin batera. Agustin Rianchoren Kantabriako lau paisaia, Francisco Gimenoren Kataluniako irudi batzuk, Santiago Rusiñolen koadroak eta Joaquin Sorollaren margolan sorta bat. Guztiak paisaiak, guztiak ingeniarien bildumaren parte izandakoak, eta guztiak sasoiko paisaiagintzaren erakusgarri, Baronen hitzetan. Azaldu duenez, alor horri eskainitako bildumarik «onenak», «interesgarrienak» eta «modernoenak» dira Corral eta Entrecanalesenak.

Nabarmentzekoak dira, adibidez, Rusiñolen eta Sorollaren kasuak, Baronaren hitzetan. Biak izan zirelako egile esanguratsuak, baina ez zelako paisaia izan haien genero ohikoena. Esaterako, Rusiñolek bere bizitzako azken urteetan jo zuen paisaiagintzara, eta Sorollaren kasuan periferikoa izan zelako joera hori. Eszenak irudikatzen espezializatu zen nagusiki, eta horrek eman zion nazioarteko ospea. Horregatik, XX. mende hasierara arte baztertuta izan zuen generoa, eta orduan ere unean uneko inpresioak harrapatzeko sortzen zituen koadroetan landu zituen, artistak «estudio» deitutako horietan.

Paisaiak, ingeniaritza lanak eta Espainia

Artisten paisaiagintza eta ingeniariek herrigintzari egindako ekarpena uztartu ditu komisarioak bere hitzaldian, betiere, Espainiari erreferentzia eginez. Baronek argudiatu duenez, pintoreek beren koadroen bidez modernizazio sasoian zen herrialde harekin egin bezala, Entrecanales eta Corral ingeniariek ere lurralde hori eraldatzen lagundu baitzuten beren begirada «berritzaileaz».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.