Eibar 1-2 Reala

Realak lehenbiziko aldiz irabazi dio Eibarri Ipuruan

Oiartzabalek penaltiz eta Willian Josek 0-2 aitzinatu dituzte txuri-urdinak. Partida bukatzear zela, Charlesek 1-2koa egin du, penaltiz hark ere.

Mikel Oiartzabal 0-1ekoa egiten, penaltiz. SD EIBAR
mikel rodriguez
2020ko martxoaren 10a
21:54
Entzun

Ezohiko giroan jokatu dute Ipuruan Eibarrek eta Realak, Espainiako Ligako 24. jardunaldiko norgehiagoka. Zaldibarko ezbeharra dela-eta gibelatu zuten bere garaian derbia, eta, gaur, koronabirusa hedatzea geldiarazteko neurriengatik, ikuslerik gabe jokatu dute. Donostiarrek 1-2 irabazi dute; lehenbiziko aldiz Ipuruan, Eibar Lehen Mailara igo zenetik. Penaltiak izan dira partidako protagonistak: epaileak hiru adierazi ditu, eta bi taldeek bana sartu dute; Eibarrek, ordea, huts egin du bertze bat, norgehiagoka 0-1 zenean. Reala 46 punturekin dago orain sailkapenean, laugarren postuan, Getaferekin berdinduta, eta hirugarren den Sevillarengandik puntu bakarrera. Eibarrek, berriz, jaisteko postuak bi puntura dituela segituko du.

Realak bizi hasi du partida, eta, hirugarren minutuan, Willian Josek aukera argi bat izan du, baina gehiegi gurutzatu du jaurtiketa Dmitrovicen aitzinean. Hortik aitzinera, ordea, Eibar guztiz jabetu da baloiaz, eta paseak egin eta egin aritu da, baloi jabetza luzeekin, Realaren defentsan zirrikitu bat aurkitu nahian. Txuri-urdinak, berriz, esperoan gelditu dira, kontraerasoan ateratzeko aukeren zain. Eta, hain zuzen, horrelako egoera batean etorri da penaltiaren jokaldia. Willian Josek zelai erdia baino gibelerago hartu du baloia, eta Adnan Januzaj lasterka bizian ikusi du eskuineko aldetik. Pase luzea eman dio, eta belgikarrak area bazterrera ailegatu denean tiro egin du. Baloiak Pedro Bigasen eskuan jo du, eta Del Cerro Grande epaileak ez du zalantzarik egin: penaltia. Oiartzabalek jaurti du, eta, Dmitrovicek aldea asmatu duen arren, ezin izan du gelditu. Hamaseigarren minutua zen.

Gola sartu ondoren Eibarrek jarraitu du baloiaren jabetzan nagusi, baina Realak gehiagotan gurutzatu du zelai erdia. Defentsan eroso ari ziren txuri-urdinak, baina estrategia jokaldi batean ailegatu da Eibarren aukerarik argiena. Kikek buruz errematatu du falta bat, eta baloiak beso batean jo dio Zubeldiari. Del Cerro Grandek, berriz ere, zalantzarik gabe: penaltia. 28. minutua zen. Orellanak jaurti du, gogor, baina Alex Remirok asmatu egin dio, eta Eibarrek ezin izan du partida berdindu. Gainerakoan, bi taldeek ez dute sortu gola sartzeko aparteko aukerarik lehenbiziko zatian, baina grina handiz jokatu dute. Horren adierazle, epaileak bortz txartel hori atera ditu lehenbiziko 45 minutuetan: hiru Eibarri, eta bi Realari.

Bigarren zatia lehenbizikoaren antzera hasi da: Eibar baloiarekin, zuloren bat bilatu nahian, eta Reala gibelean, esperoan, nahiko eroso defentsan, baina kontraerasoan atera ezinik, bi pase on lotu ezinda. Partida trabatuta zegoela ikusita, Jose Luis Mendilibarrek Charles aurrelaria atera du 65. minutuan, Sergio Alvarez kenduta. Imanolek, berriz, Sangalli kendu du 62. minutuan, eta Ander Gebara atera, baloia denbora gehiagoz mantentzen saiatzeko. Eta 65. minutuan Januzaj kendu eta Portu atera du.

Realaren bigarrena, eta Eibarren bertze penaltia

Aldaketekin Realak sakontasuna irabazi du, gehiago ailegatzen hasi da Eibarren areara, eta asmatu egin du azkenean. 75. minutuan, Portuk areatik gertu jaso duen baloi bat bi ukitu bizkorrekin eman dio Willian Joseri, eta, brasildarrak, Dmitrovicen aitzinean bakarrik, ez du hutsik egin, zetorkion bezala jaurtita. Lehenbiziko gola du Espanyolen aurkako Espainiako Kopako partidan deialdian sartzeari uko egin zionetik —joan den urtarrilean—.

Realaren kontrola areagotu egin da golaren ondoren, eta Eibarrek ez du lortu minik egitea. Baina txuri-urdinek ez dute izan partida bukaera lasaia; 89. minutuan, eibartarren barneraldi batean, Zalduak eskuarekin jo du baloia area barrenean, eta Del Cerro Grandek arratseko hirugarren penaltia adierazi du. Hirugarren penaltia, eta hirugarren eskua. Orellanak ez bezala, Charlesek ez du barkatu. Saiatu da Eibar luzapeneko minutuetan estutzen, baina ez du denborarik izan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.