Krisiak turismoan zer eragin duen neurtuko du Jaurlaritzak

Turismo Saileko kideak, sektoreko eragileekin eginiko bileran. IREKIA
jokin sagarzazu
2020ko martxoaren 12a
12:03
Entzun

Koronabirusaren krisiak turismoaren sektorean zer eragin izaten ari den neurtuko du Eusko Jaurlaritzak, sektoreko eragileekin batera. Plataforma bat sortu du, eta, horren bidez, bertan behera geratu edo atzeratu diren ekitaldien berri jasoko du, bai eta baliogabetu diren hotel eta bestelako ostalaritza zerbitzuen berri ere.

Sonia Perez Turismo sailburuak azaldu duenez, datu horiekin zehaztu ahal izango dute zer eragin duen krisiak sektorean, eta horren arabera ezarri ahalko ditu Jaurlaritzak sektorea laguntzeko neurri ekonomikoak. Adibide gisa, Perezek jakinarazi du krisia hasi zenetik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hamar kongresu edo ekitaldi handi utzi direla bertan behera edo atzeratu direla udazkenerako.

Perezek azaldu du bertan behera geratzen ari direla erreserba asko, eta «nabarmen jaitsi» direla, eta azpimarratu du horrek eragina izango duela ostalaritzaren sektorean eta merkataritzan.

Sailburuak adierazi ez dakiela sektore horietako enpresetan enplegu erregulazioko txostenak ezarri diren ala ez, baina «gerta daitekeen zerbait» dela aitortu du.

Erreserbak baliogabetzea

Eragina neurtzeko sistema digitalarekin batera, Turismo Sailak protokolo bat egin du sektoreko enpresentzat. Osasun Sailak gomendatutako higiene neurri orokorrak bildu dituzte, eta beste neurri zehatz batzuk jaso; adibidez, komunikazioa kudeatzeko eta erreserbak baliogabetu edo aldatzeari buruzkoak.

Horren harira, Turismo Sailak sektoreko enpresei eta bezeroei eskatu die ahalegina egiteko kontratuak desegin edo aldatzeko orduan auzitara jotzea saihesteko, eta formula adostuak lortzeko, baldintzak malgutuz edo kontratatutako zerbitzuak atzeratuz. Gobernuak bitartekari lanak baino ezin dituela egin azpimarratu du Perezek. Azken asteetan, Kontsumobidek jakinarazi du hiru erreklamazio eta 180 kontsulta jaso dituela.

Madrilen laguntzak sektoreari

Espainiako Gobernuak, berriz, iragarri du 400 milioi euroko diru sail bat onartu duela turismoaren, garraioen eta ostalaritzaren sektoreko enpresei koronabirusak eragindako krisiaren ondorioak arintzen laguntzeko.

Ostegun honetan egindako ezohiko Ministro Kontseiluan, lehenengo neurri sorta bat onartu du gobernuak. Lege dekretu batean jasoko ditu, eta asmoa da berehala sartzea indarrean.

Pedro Sanchez presidenteak adierazi duenez, neurri horien bitartez sektore horietako aldizkako langile finkoak babestu nahi dituzte; hala, iragarri du otsailetik ekainera bitartean kontratu mota horrentzako hobariak handituko dituela Gizarte Segurantzak.

Era berean, martxoaren 16tik aurrera Renferen bidez erosten dituzten tren txartel guztiak bertan behera uzteko edota aldatzeko aukera izango dute bezeroek, penalizaziorik gabe. Eta Imsersoren bitartez kontratatutako bidaiengatik ordaindutakoa itzuliko die gobernuak.

Halaber, aireko ordutegien arauak —slots deiturikoak—  malgutzea ere adostu du gobernuak, aire konpainiek ez dezaten beren burua behartuta ikusi beren ordutegi denak erabiltzeko. Dena den, neurri horrek Europako agintarien adostasuna behar duela gogoratu du Sanchezek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.