Albistea entzun

Analisia

Apneak zenbat iraungo duen

 

Xabier Martin -

2020ko martxoak 15 08:01

Behi argalen zazpi urteak ez ziren bete Atzeraldi Handian, 2008ko amesgaiztoa 2014an bukatu zelako, kopuru makroei erreparatuz gero; beste gauza bat dira hark utzitako zauriak eta min iraunkorrak. Eta behi gizenen zazpi urteak ere ez dira beteko, 2020rako hazkundea galduko delako, zantzu guztien arabera. Ekonomia modernoak  izan zuen arorik beltzena berriz gertatzeko arriskua ote dagoen galdetzen hasiak dira ekonomistak eta ekonomistak ez direnak, koronabirusak eragin duen egoera negargarria dela eta; baina ez dago erantzun segururik, aurrena osasun krisiak zenbat iraungo duen jakin beharko bailuke erantzun emaileak, eta gaur-gaurkoz COVID-19a mendean noiz hartuko duten giltzarri hori ez dauka inork.

Alderaketak egiten hasita, baina, esan daiteke egungo osasun krisiak orduko finantza krisiak baino askoz gogorrago jo duela munduko ekonomia; kolpe latzagoa izan dela, bat-batekoa, ez progresiboa. Txinak eman zuen abisua, egia da, baina koronabirusaren hedatze global azkarrak ezustean harrapatu ditu munduko gobernu gehienak eta nazioarteko erakundeak. Ondorioa da osasun krisia gerarazteko —edo jadanik motelarazteko— indarrean jarritako neurri gogorrek —tartean pertsonen mugimenduak debekatzea, garraioak etetea eta komertzioak ixtea— erabat baldintzatu dutela ekonomiaren martxa; hainbeste, ezen makina bat geratzearekin alderatu baitaiteke. Makina gelditu da kasik, gauetik egunera, eta apnea hori bukatu ondoren nor ez den ito ikusi beharko da; edo beste era batera esanda, zenbat ito diren, zenbat enpresa, zenbat autonomo, zenbat soldatapeko.

2008an baino okerrago hasi da hau, labur esanda, baina askoz hobeto buka daiteke. Hori da pandemiaren krisiaren alde ona. Ekonomia ez dago kutsatua odolean, finantza sisteman alegia, Atzeraldi Handian gertatu zen moduan; ez dago kutsatua adreiluzko aktibo toxikoekin, eta ez dago kreditu krisi bat. Ez dago oraingoz, eta bi-hiru hilabeteko epean osasun krisia soluziobidean jarriz gero, kolpe itzelaren ubeldurak nola osatu baizik ez da izango arazoa; osatze prozesu latza izango dela ez du inork ukatuko, baina azaleko zauriak hobe osatzen dira, lehenago edo geroago. Eta ezin da ahaztu osatzearen ostean biziberriturik senti daitekeela eria. Susperraldi handi bat ere ezin dela baztertu urtea amaitu aurretik, alegia.

Iraupena eta oreka, bi gako

Baldintza hor dago, ordea: epe motz batean eduki behar du soluzioa osasun krisiak, ekonomia garatzen uzten ez duten neurriak bertan behera utz daitezen. Izan ere, apnea gehiegi luzatzen bada, ekonomian egiturazko kalteak agertzeko arriskua dago, eta, hori gertatuko balitz, zauriak ez lirateke azalekoak, barne organismoarenak baizik. Alegia, 2008aren antzeko arazoak lituzke gaixoak, iraunkorrak.

Hori da Bruselak eta Batasuneko kideek eragotzi nahi dutena kosta ahala kosta, eta horregatik iragarri dute «malgutasun osoa» emateko prest daudela; hau da, gastu arauak eta defizit helburuak malgutuko dituela Batzordeak, Alemaniaren baimenez. Gauza bat baita aurtengo hazkundea (%1,4 EBn) galtzea —mingarria izanda ere, arazo mugatua—, eta beste bat hazkundera itzultzeko bidea erabat galtzea —sakonekoa—; ez baita gauza bera pandemiaren erronda ordaintzeko estatu kide bakoitzak milaka milioi euroko faktura bat pagatu behar izatea, eta kideren batzuk modurik gabe geratzea beren ekonomiak bideragarri egiteko.

Lehen-lehena osasuna da, bai, baina osasunaren izenean hartzen ari diren neurri ikaragarriek krisi sakon batera eraman ditzakete herrialde askoren ekonomiak, eta egoera horiek ere gizakien osasunean eragiten dute, pandemia baten beharrik gabe. Zer zaila den oreka topatzea.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Iberdrolaren Wikinger parke eolikoa, Alemaniako uretan. ©IBERDROLA

INDUSTRIA KRESAL HAIZETAN

Irune Lasa

Energia berriztagarriak behar dira, gero eta gehiago, ahalik eta gehien. Argindar 'garbia' lortzeko itxaropena itsasoko haize errotetan dago neurri handi batean, eta, bereziki, haize errota flotagarrietan. Eta hor dago euskal industria.
 ©ARITZ LOIOLA / FOKU
Bretainiako hainbat arrantzalek sorgailu eolikoen oinarriak jartzen dituen itsasontzia inguratu zuten maiatzean. ©BERRIA
Artxiboko irudian, laneko heriotza bat salatzeko elkarretaratzea Iruñean ©Inigo Uriz / Foku

Behargin bat hil da Bergaran

Irune Lasa

Markinako behargin bat hil da Bergarako Fagor Ederlanen lantokian «lan istripu ez traumatikoan», salatu du LAB sindikatuak. Beharginak 44 urte zituen.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.