Aurreikuspenak

Munduko Merkataritza Erakundeak dio 2008ko krisia baino larriagoa datorrela

Roberto Azevedo MMEko zuzendariaren arabera, nazioarteko kolaborazioa eta merkatu irekiak ezinbestekoak izango dira koronabirusak sorrarazi duen krisiari aurre egiteko.

Hego Koreako burtsako langile bat maskara jarrita lanean. YONHAP / EFE
xabier martin
2020ko martxoaren 26a
12:36
Entzun

Osasun krisia milioika pertsonaren bizitza arriskuan jartzen ari da mundu zabalean, baina, COVID-19a mendean hartu ondoren ere, milioika pertsonak bizitza okertuko dien krisi ekonomiko larri baten mende segituko dute. Horrela ohartarazi du Munduko Merkataritza Erakundeak gaur. Roberto Azevedok garbi esan du jadanik hasia dela 2008ko Atzeraldi Handia baino krisi ekonomiko larriago bat, eta munduko herrialdeek prestatzen hasi behar dutela agertoki berri horretan krisiari aurre egiteko. Azevedok nazioarteko kolaborazioa eta merkatu irekiak eskatu ditu, AEBek eragin duten gerra komertzialari erreparatuz lerro artean. «Ez dago laguntzarik behar ez duen herrialderik», esan du; «azken aurreikuspenek erakusten dute atzeraldi handi bat datorrela, eta enplegu asko galduko dela. 2008ko finantza krisiak eragindako enplegu galera hura baino handiagoa izango da». Azevedok bere etxean grabatu du mezua, eta MMEren webgunean jarri dute.

Mundu osoari helarazitako mezu ezkor horrek garbi utzi du agertokirik okerrenerako prestatzen hasi behar dutela Europako Batasuneko kideek. «Pandemiak gogor joko ditu ekonomia, komertzioa, enpleguak eta ongizatea». Azevedok aitortu du herrialde asko pizgarri fiskalak martxan jartzen ari direla, eta diru politika aldatzen, alegia, atzeraldiari aurre egiteko «defentsak» ezartzen, baina bada egin beharreko beste zerbait ere, MMEko buruaren ustez: «Pandemiari erantzun global bat eman».

Historiak ez du barkatuko

«Ez dago inolako laguntzarik gabe aurrera egingo duen herrialderik, nahiz eta oso boteretsua edo oso aurreratua izan», esan du Azevedok. Harentzat, merkataritzak ematen dio bide ekoizpen eraginkorrari, eta ondasunen eta oinarrizko zerbitzuen hornidura bermatzen, «adibidez, ekipamendu medikoa, janaria eta energia».

AEBetako eta Txinako ekonomia erraldoiak merkataritza gerran aritu dira azken urteetan, eta muga zergak ezarri dizkiete elkarri. Europara ere iritsi dira Donald Trumpen protekzionismoaren ondorioak. Orain, berriz, protekzionismo horrek beste oldarraldi bat dauka medikuntza produktuei dagokienez. «Osasun krisia bukatzen denean, merkataritza izango da elkarri laguntzeko modua; historiak ez digu barkatuko, eta ez du ahaztuko porrot egiten badugu ahulenak laguntzeko saioan, dauden lekuan daudela». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.