AEB-etako hauteskundeak

Trumpen eta Bidenen arteko aldea murriztu egin da inkestetan

Bidenek botoen %49 eskuratuko lituzke egun, eta Trumpek, berriz, %47, Washington Post egunkariak egindako galdeketaren arabera.

Donald Trump presidentea, Etxe Zurian. STEFANI REYNOLDS, EFE
2020ko martxoaren 30a
12:26
Entzun

Krisiaren kudeaketak mesede egin dio oraingoz Donald Trump presidenteari. Otsailean zazpi punturen aldea ateratzen zion Joe Biden presidenteorde izandakoak estatuburuari, eta hilabeteko epean lau puntu irabazi ditu estatuburu errepublikanoak.

Washington Post eta ABC egunkariek kaleratu duten azken inkestaren arabera, hautagai demokratak jarraitzen du aurretik, %49ko sostenguarekin, eta hiru puntu gutxiagorekin legoke presidentegai errepublikanoa. Nabarmentzekoa da, ordea, galdeketak herritarren sentimendua soilik islatzen duela. Izan ere, 2016ko hauteskundeetan Hillary Clinton zen inkestetan nagusi, eta, hala ere, Trumpek irabazi zituen bozak, bost milioi botogatik.

Presidentetza irabazteko lasterketan, estatu aldakorretan legoke gakoa. Floridan, esaterako, Trump da nagusi, %1,3ko aldearekin; eta, aldiz, Bidenek lau punturen aldea ateratzen dio Michiganen eta Pennsylvanian.

Koronabirusaren krisiak izan du hemen ere zerikusirik. Izan ere, herritar gehienek begi onez ikusten dute Bidenek osasun arloan bultzatu nahi dituen neurriak, baina baita Trumpek ekonomia sustatzeko hartutakoak ere. Nate Silver politologoaren iritziz, ordea, estatuburuak datozen asteetan hartzen dituen erabakiek pisu handia izango dure azaroko bozetan: Ā«Bidenek orain esaten dituen hitzak ahaztuta izango dituzte azarorako. Trumpen neurriak, ordea, erabakigarriak izan daitezkeĀ».

Bi dira oraindik

Komunikabide askok irabazletzat jotzen badute ere, Bidenek ez ditu oraindik lortu demokraten hautagaitza eskuratzeko beharrezko sostenguak. Vermonteko senatari Bernie Sanders ez da erretiratu, eta, inkestek irabazteko aukera gutxi ematen badizkiote ere, ez du oraingoz lehia uzteko asmorik agertu. Hala, koronabirusaren ondorioz, primarioak atzeratzea erabaki dute estatu gehienek, eta, beraz, izoztuta geratu da hautagaia aukeratzeko prozedura.

Uneotan, 1.217 ordezkari eskuratu ditu Bidenek, eta 914 Sandersek. Uztailean egingo dute kongresua demokratek, eta bertan jakinaraziko dute nor izango den alderdiaren presidentegaia. Kargua automatikoki eskuratu ahal izateko, 1.991 ordezkari eskuratu behar ditu hautagaietako batek, baina ez dirudi bietako inork halakorik lortuko duenik. Beraz, oso litekeena da kongresuan bertan hautatzea presidentegaia, eta, hori hala balitz, Biden izango litzateke garaile, Sandersen izaera muturrekoegia baita alderdiko kide gehienentzat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.