Errenta aitorpena

Gipuzkoak 289 milioi itzuliko ditu errenta zergan, eta 264 milioi bilduko

Gipuzkoako Ogasunak batez beste 963 euro itzuliko dizkie kitapena itzultzeko ateratzen zaien 300.000 zergadunei uztailaren 29ra luzatuko den errenta zergaren kanpainan.

Gipuzkoako Ogasuneko bulego bat, artxiboko irudi batean. BERRIA
jokin sagarzazu
2020ko apirilaren 3a
12:40
Entzun

Gipuzkoako Ogasunak aurten jasoko dituen 390.000 aitorpenek 24,6 milioi euroko saldo negatiboa izango dute, 289 milioi itzuli eta 264 milioi jasoko baititu orotara. Batez beste 963 euro itzuliko dizkie kitapena itzultzeko ateratzen zaien zergadunei. Aurten, uztailaren 29ra arte iraungo du errenta zergaren kanpainak; hilabete bat gehiago, COVID-19a dela-eta.

Jabier Larraña Ogasun diputatuak azaldu duenez, saldo negatiboa iazkoa baino «pixka bat» txikiagoa izango da, baina, aurreko urteetakoekin konparatuta, «emaitza ona» dela azpimarratu du. Larrañagak ostiral honetan aurkeztu du aurtengo errenta kanpaina, Jokin Perona Ogasuneko foru zuzendariarekin eta Yolanda Dominguez Zerga Kudeaketako zuzendariordearekin batera.

Peronak azaldu duenez, astelehenean jarri zituzten ikusgai Interneten —hemen— Ogasunak egindako autolikidazio proposamenak; zergadunak proposamena egin dioten ala ez ikusi ahal izango du hori. 257.714 autolikidazio prestatu dituzte orotara, aitorpen guztien %66. Iaz baino 7.100 gehiago (+%2,8) landu dituzte. Espero dute autolikidazio guztien %57 berrestea.

Onarpenak, apirilaren 6tik

Onarpenerako, zergadunaren NANa eta proposamenean agertzen den kodea eskatuko dira, eta webgunearen bidez edo 943 113 000 telefonora deituta egin daiteke —aldaketarik egin gabe, 08: 00etatik 20: 00etara; aldaketak egin nahi izanez gero, 08: 00etatik 15: 00etara—.

Larrañagak jakinarazi duenez, jada hasi dira proposamen horiek etxeetara bidaltzen, eta apirilaren 6tik aurrera onartu ahalko dira telefonoz, eta apirilaren 15etik Internetetik. Zergadunak aldaketa onartu den ziurtagiria jasoko du gero, egun gutxian. Uztailaren 29a izango da azken eguna proposamenak onartzeko; aurreko urteetan baino hilabete geroago, COVID-19a dela.

Ondare Zergari dagokionez, kitatzeko modu bakarra egongo da: Internet bidez. Ogasunak 8.000 aitorpen espero ditu, aurrekoan baino 100 gehiago. Zergadunek batez beste 7.612 euro pagatuko dituzte (iaz baino 188 gehiago, batez beste), eta denera 60,9 milioi biltzea espero du Ogasuneko zuzendari Jabier Larrañagak, iaz baino 2,2 milioi gehiago (+%4). Apirilaren 16tik aurrera onartu ahalko dira.

Bide telematikoen indartzea

COVID-19ari aurre egiteko hartutako konfinamendu eta bestelako neurriengatik, Larrañagak azpimarratu du likidazio epeak luzatu eta atzerapen mekanismo batzuk jarri dituztela —hiru hilabetera artekoak—. Horiek, baina, «arduraz» erabiltzeko eskatu du, eta ahal duenak epeen barruan egiteko.

Dominguezek, berriz, azpimarratu du zer ahalegin egin duen Ogasunak baliabide telematikoak indartzeko. Bide horiek erabil daitezke aitorpena egiteko. Horretarako, Zergabidea plataforma du (zergabidea.gipuzkoa.eus) Ogasunak. Sartzeko, beharrezkoa da gako operatibo bat, B@kQ kode bat, B@k kode bat, ziurtagiri elektroniko bat, edo posta eta pasahitzarekin erregistratzea; urrats hori errazteko asmoz, Ogasunak prozedura guztiz telematiko bat gaituko du zergadunek B@k sarbide-gakoa etxetik mugitu gabe eskuratu ahal izan dezaten.

Era berean, handitu egin du errenta kanpainako telefono bidezko arreta zerbitzuan (943 113 000) aritzen diren langileen kopurua, eta «beren kabuz aitorpena osatzeko gai ez direnen pertsonentzat», prozesu hori beste norbaiten esku uzteko modua ere erraztuko du; eskuordetze izapide hori ere erabat telematikoa izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.