EH Bilduk eskatu du DSBErako baldintzak malgutzeko

Aurreko asteko Diputazio Iraunkorrean parte hartu zuten legebiltzarkideak. BERRIA
jokin sagarzazu
2020ko apirilaren 6a
17:54
Entzun

EH Bilduk hiru egitasmo aurkeztuko ditu Eusko Legebiltzarrean, Diputazio Iraunkorrak asteazkenean egingo duen saioan. Besteak beste, eskatuko du lanik gabe geratu diren edo enplegu erregulazioetan dauden langileen diru laguntzak osatzeko, bai eta enpresa txiki eta autonomoen gastuak ezabatzeko eta galerak konpentsatzeko ere. Maddalen Iriartek azpimarratu du halako neurriak «berehala» hartzea komeni dela, «koronabirusak eragindako krisiaren ondorioak arintzeko».

EH Bilduko bozeramaileak gogoratu duenez, lanik gabe geratu diren edo aldi baterako enplegu erregulazioetan dauden «milaka langile» babes sistema publikotik kanpo daude, DSBE diru sarrerak bermatzeko errentatik kanpo, hori jaso ahal izateko baldintzak «oso zorrotzak» direlako, eta horiek «malgutzeko» eskatu du: zehazki, Jaurlaritzak 400 euro gehiago emateko, bere babes sistemaren bidez, aldi baterako enplegu erregulazioan dauden langileen artean, seme edo alaba bakarra daukaten bikoteei —egun, 985 euro bermatzen zaizkie—.

Horrez gain, enpresa txiki eta autonomoentzat ere hainbat proposamen egingo ditu: zerga atzeraepen bat eskatu du, gastu finkoak ezabatzeko larrialdiak iraun bitartean —ura, elektrizitatea…—, eta konpentsazio funts bat sortzeko kalte ekonomikoak arintze aldera.

Asteazkeneko saioan, osasun sistemari buruzko neurriak ere aurkeztuko ditu EH Bilduk. Iriartek berretsi du funtsezkoa dela test masiboak egitea kasuak detektatzeko eta gaitzaren hedapena gelditzeko; halaber, Osakidetzako langile guztiei babes materiala bermatzeko eskatuko du, EAEko Justizia Auzitegiak ostiralean agindu bezala, eta «planifikazio oso bat» egiteko, alarma egoeraren ostekoa prestatzearren, «egoera posible guztiak aurreikusita».

Zahar etxeei dagokienez, eta aurreko neurriez gain, EH Bilduk eskatu du lantaldeak indartzeko, eta, bete beharreko baldintzak betetzen ez dituzten egoitza pribatuen kasuan, horien kontrola administrazioak hartzeko.

Horretaz guztiaz gain, auzolanean aritzeko garrantzia azpimarratu du. Horretarako, EH Bilduk proposatuko du alderdi eta eragileen arteko mahai bat eratzea eta Legebiltzarraren funtzionamendua «salbuespen egoerara egokitzea», proposamenak egiteko.

PP: «Ekonomia ala euskara»

PPk, berriz, Eusko Jaurlaritzari eta, bereziki, EAJri eskatu dio Espainiako Gobernuaren politiketatik «urruntzeko» eta ekonomia suspertzeko «plan propioa» egiteko. EAEko PPko presidente Amaia Fernandezen ustez, egungo egoerak eskatzen du euskal erakundeek «haustea» PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuaren neurriak, «horiek ez baitira eraginkorrak».

Nabarmendu du Jaurlaritzak baduela tresna bat, Kontzertu Ekonomikoa, balio dezakeena «enplegua eta ekonomia suspertzeko euskal estrategia gidatzeko, erakunde maila guztiak inplikatzeko, eta, sektore bakoitzaren berezitasunak kontuan hartuz, zer inbertsio eta zer gastu egin erabakitzeko». «Herritarren behar eta eskaeren aurretik joan behar dute euskal erakundeek, eta ez alde batera egin eta PSOE eta Podemosen esku utzi ardura hori».

Horrez gain, Fernandezek gogorarazi du hauteskunde garaia datorrela, eta horrek erabakiak hartzea geldiaraziko duela.

Jeltzaleentzako kritikak ere izan ditu Fernandezek. Leporatu die «osasun krisi baten erdian» 400.000 euroko diru saila onartzea Ipar Euskal Euskal Herrian euskara sustatzeko, eta datorren igandean Aberri Eguna ospatzera deitu izana. «Kontraesana da Euskadiren susperraldi ekonomikoaren alde egitea eta, aldi berean, hausteko eskubidean oinarritutako identitate diskurtsoak sustatzea, euskaldunen arteko zatiketa bultzatzen duten diskurtsoak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.