Petrolio ekoizpena %23 gutxituko dute, inoizko murrizketa handiena

Gasolindegi bat itxita, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko apirilaren 11
16:36
Entzun

Petrolio gutxiago behar delako, baina, bereziki, prezioak gehiago amildu ez daitezen. Petrolioaren merkatuan inoiz egin den murrizketarik handiena egitea adostu dute. Errusiak eta Saudi Arabiak sinatu zuten akordioa ostiralean, eta AEB Amerikako Estatu Batuek eta G20k ontzat eman dute. Horren arabera, petrolio hornidura globalaren %23 gutxituko dute, 2018ko urriko datuekin konparatuta: eguneko 10 milioi upel.

Iaztik, eskaria heren bat jaitsi da, eta horrek eta azken hilabeteetan pilatutako stock-ak eragin dute prezioen gainbehera, bere mailarik baxuenera eramanez 18 urtean. Ostiralean, 31,98 eurotan zegoen Brent upela. Ezohiko kopuruetan, azken hilabeteetako prezio altuenetariko baita hori —25 euro ingurutan egon da azken aldian—.

30 bat herrialdek parte hartu dute negoziazioetan. LPEE Lurralde Petrolio Esportatzaileen Erakundeko kideak —Saudi Arabia buru— eta, hortik kanpo dauden beste estatu batzuk —horien artean Errusia da nagusia—. Horiek guztiek osatzen dute LPEE+ deituriko aliantza.

Hor ez daude AEBak eta beste batzuk. Ez dute zuzenean parte hartu elkarrizketetan, baina gertutik zaindu dituzte. AEBak dira munduko petrolio ekoizle nagusienak —15 mbd (milioi upel egunean); Saudi Arabiak 12 mbd eta Errusiak 11 mbd—.

AEBen esku hartzea

Zalantza zen AEBek murrizketekin bat egingo zuten ala ez, Errusiak eta Iranek hori eskatu baitzuten COVID-19aren krisia hasi aurretik eginiko bileretan. Baina, azkenean, akordioan ez dute eskakizun hori jaso. Dena den, AEBek nabarmen jaitsi dute produkzioa aurten: %10 inguru; Saudi Arabiak eta Errusiak orain egitera konprometitu direnaren parekoa. Eta akordioa desblokeatzeko, aurreikusten ez zuten kuota bat ere bere egin behar izan dute AEBek.

Ostiral goizean Saudi Arabiak eta Errusiak sinatu zuten aurreakordio bat, baina bileran parte hartu zuten guztien berrespena behar zuten, eta Mexikok ez zuen egin; uko egin zion herrialde guztiek ehuneko bera mozteari.

AEBek esku hartu behar izan dute Mexiko itunera ekartzeko. Washington konprometitu da haren murrizketaren parte bat beretik kentzeko: Mexikok merkatutik atera behar zituen 350.000 upeletatik 250.000 kenduko dituzten AEBek beren produkziotik. «Estatu Batuek Mexikori lagunduko diote, eta gero itzuliko digute dirua», esan du Donald Trumpek.

COVID-19aren krisiaren aurretik hasi zen petrolioaren prezioen gerra. Martxo hasieran, Errusiak uko egin zion LPEEko kideekin akordioa egiteari. Pozik zirudien prezioen erorketarekin, kaltetu nagusia AEBak izaten ari zirelako. Baina Moskuk ezin izan dio oraingo egoerari eutsi, upela 20 euro inguruan mantentzeko aurreikuspenek eta erosleak aurkitzeko zailtasunak eraginda. Negoziazioetan, gainera, faktore ugarik bat egin dute. Financial Times-en arabera, AEBek muga zergak handitzearen karta erabili dute, besteak beste.

Gasolindegiak ixten

Orain, zalantza nagusia da adostutako bolumenak konpentsa dezakeen eskariaren jaitsiera izugarria. AIE Energiaren Nazioarteko Agentziak kalkulatu duenez, munduko petrolio eskaria eguneko 20 milioi upeletara murritz daiteke hiruhileko honetan, konfinamendu neurriengatik-eta kontsumoaren jaitsierak eraginda.

Trafikoa nabarmena da hori, eta, horrekin batera, gasolindegietara egiten diren bisitetan. Hego Euskal Herrian orain arte funtsezko zerbitzutzat jo dira eta denek edo ia denek zabalik egon behar zuten. Espainiako Gobernuak, baina, baimena eman du gasolindegi batzuk ixteko. Hala ere, bermatuko du horrelako instalazioak dituzten udalerri guztietan gutxienez gasolindegi bat irekita egongo dela.

Trantsizio Ekologikorako Ministerioak kaleratuko agindu baten arabera, ohiko ordutegiekin irekita mantendu beharko dituzte urtean bost milioi litrotik gorako salmenta bolumena dutenek, eta autobideetan eta hipermerkatuetan daudenek. Gainerakoek, ordutegia murrizteko askatasuna izango dute, baita aldi baterako ixteko ere. Gasolindegirik ez duten udalerrietan, salmenta handienak dituen inguruko gasolindegiari ordutegi murriztuarekin irekita egoteko eskatuko zaio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.