Beste bi hilabetez luzatuko da telelana

Emakume bat, etxetik lan egiten. ENRIC FONTCUBERTA (EFE)
jokin sagarzazu
2020ko apirilaren 21a
15:36
Entzun

Etxetik lan egitea «lehentasunezkoa» izango da datozen bi hilabeteetan ere, aukera hori eskaintzen duten enpresetan; eta denbora horretan ere luzatu egingo da zaintza betebeharrak dituzten langileek lanaldia egokitzeko edo murrizteko duten eskubidea. Hala iragarri du Nadia Calviño Espainiako Gobernuko Ekonomia ministroak, 30 neurri ekonomiko baino gehiago jasotzen dituen beste Errege Lege Dekretu bat aurkezteko egindako agerraldian, astearte honetan.

Bi luzapen horiez gain, arauak langabeziagatik sariak jasotzeko aukera emango die martxoaren 9tik aurrera kontratuak amaitu zitzaizkien eta probaldian zeuden langileei, eta martxoaren 1etik aurrera beren borondatez lan kontratu bat amaitu eta azkenean bertan behera geratu zen beste lan eskaintza irmo batean hasi ezin izan zutenei. «Aurreko errege dekretuetatik kanpo geratu ziren langileek langabezia sariak jasotzeko eskubidea osatu dugu horrela», azpimarratu du Calviñok.

Erregulazioak funtsezko sektoreetan

Neurri horiez gain, beste batzuk hartu ditu gobernuak. Adibidez, aldi baterako enplegu erregulazioko espedienteen araudia aldatu du, ezinbestekotzat jo ahal izateko funtsezko sektoreetako enpresenak ere, baldin eta diru sarrerak murriztu egin bazaizkie mugikortasunaren murrizketaren ondorioz. Funtsezko jarduerarako ezinbestekoak ez diren langileak sartu ahal izango dituzte lan erregulazioan.

Aldizkako langile finkoen edo sasoikako langileen kasuetarako ere moldatu du araua gobernuak, lan erregulazioak errazteko. Neurri horrek, batez ere, ostalaritzaren eta turismoaren sektoreari eragiten dio, jarduera horietan erabiltzen baita gehien kontratu mota hori.

Gurasoek ere bai

Bestalde, Calviñok azpimarratu duenez, arau sorta berriarekin zaintza lanak indartu nahi ditu gobernuak. Hala, langileek lanaldia egokitu edo murriztu ahal izango dute beren kargura dagoen edozein pertsona zaintzeko —bigarren mailara arte—; lanaldia %100 murriztu ahal izango dute —kasu horretan, soldatarik gabe—, eta enpresek ezin izango dituzte horregatik zigortu edo kaleratu. Arauan azpimarratzen da ikastetxeak edo arreta zentroak ixteak kalte egindako gurasoek ere izango dutela horretarako eskubidea. Kasu guztietan, lanaldi murrizketa 24 ordu lehenago jakinarazi behar zaio enpresari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.