Zinema

Ikasleentzako film eskaintza egingo du Tinko Euskara Elkarteak

Maiatzaren 11tik ekainaren 12ra zortzi film eskainiko ditu sarean. Ikastetxeek aurrez eman beharko dute izena.

'Gazte harrigarria' filma. BERRIA
mikel lizarralde
2020ko apirilaren 23a
11:39
Entzun

Koronabirusak eragindako krisialdi egoera honetan, Tinko Euskara Elkarteak haur eta gaztetxoentzako zinema eskaintza egingo du datozen asteetan. Elkarteak posta elektronikoz igorri die mezu bat Hego Euskal Herriko ikastetxeei, eta, horiek izena eman ondoren, hautatutako filmak ordenagailu edo tableta bidez etxetik ikusteko aukera izango dute irakasle eta ikasleek.

Euskara Zine Aretoetara programaren ohiko material didaktikoa ere helaraziko diete egitasmoan parte hartu nahi duten ikastetxeei.

«Duela 26 urte Tinko Euskara Elkartea sortu zenetik, hainbat eta hainbat oztopo gainditu behar izan ditugu. Aurten, halabeharrez, Euskara Zine Aretoetara proiektua eten eta denbora berrietara egokitzea suertatu zaigu, baina helburuak berbera da oraindik ere: Euskal Herriko haurrek filmak euskaraz ikustea. Zinema aretoan edo etxean», azaldu du Marian Galarraga elkarteko lehendakariak.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan maiatzaren 11n hasi eta ekainaren 5ean amaituko da #EtxeanTinko egitasmoa, eta ikastetxeek maiatzaren 5era arte izango dute izena emateko denbora. Nafarroan, berriz, maiatzaren 18an hasiko da kanpaina eta ekainaren 12an amaituko, eta izena emateko epea maiatzaren 12an bukatuko da.

Honako film hauek bildu dituzte proiektuan:

Harri zopa(Haur Hezkuntza)
Pim & Pom(Haur Hezkuntza)
Yugo & Lala (LH, 1-2-3)
Alfonbra magikoa (LH, 1-2-3)
Oker (LH, 4-5-6)
Gazte harrigarria (LH, 4-5-6)
Loreak (DBH)
Just Charlie (DBH) Ingelesez, euskarazko azpidatziekin

Filmei buruzko informazio gehiago, hemen: www.tinkoeuskara.eus

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.