Ohartarazi dute COVID-19aren hilgarritasuna handitu egiten dela airea kutsatuta dagoenean

Euskal Herriko hainbat plataformak Harvardeko Unibertsitateak egindako ikerketa baten berri eman dute, eta igandean protesta egitera deitu.

Gueñeseko Glefaran lantegiaren kutsaduraren aurkako manifestazioa, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2020ko apirilaren 23a
13:12
Entzun

Euskal Herriko hainbat plataformak iragarri dute kutsadura «eragin nabarmena» izaten ari dela COVID-19aren hilgarritasunean, Harvardeko Unibertsitateak argitaratu duen txosten baten arabera. Ikerketa horretan, Estatu Batuetako heriotzen %90 dituzten 3.000 konderritako datuak bildu dituzte. «Azterketak ondorioztatu du COVID-19a askoz hilgarriagoa dela kutsadura handiagoa denean». Hau da, COVID-19aren ondoriozko heriotza tasa «askoz handiagoa» da azken 15-17 urtean AEBetako konderrietan kutsadura handi baten eraginpean egon direnen artean.

Gaur goizean egindako prentsaurrekoan, azalpenak eman dituzte Meatzaldea Bizirik taldeko Sara Ibañezek, Gueñes Bizia-ko Fernando Naranjok eta GuraSOSeko Joseba Belaustegik. Esan dute biriketara «sakon» sartzen diren partikula finen eragina aztertu duela Estatu Batuetako unibertsitateak. Ikertzaileek ikusi dute COVID-19aren ondoriozko heriotza tasa %15 igotzen dela airean dauden partikulen esposizio luzeko batezbestekoan unitate bat gehituz gero. Nabarmendu dutenez, ikerketaren egileek ziurtatu dute partikula horien eraginpean luzaroan egoteak %0,7 handitzen duela beste gaixotasun batzuen hilgarritasuna, hau da, COVID-19an hogei aldiz handiagoa dela eragina.

Azpimarratu dute partikula finen ondorioz sortutako gaixotasunek asko areagotzen dutela COVID-19aren kaltea, eta hori dela kutsadurak COVID-19aren kasuan bereziki eragiteko arrazoia. Izan ere, haien hitzetan, partikula finek eragiten dituzte bihotzeko eta biriketako gaitz kronikoak eta minbizia sor dezaketen aldaketa genetikoak.

Kutsaduraren aurka protesta egiteko, igandean hegazkinen aurkako sirena jotzeko deialdia egin dute herritarren elkarteek Zallan, Gueñesen, Muskiz eta Abanto Zierbenan (Bizkaia), eta Zubietan, Lasarten eta Usurbilen (Gipuzkoa). Horrez gain, balkoietan oihal beltz bat jartzeko ere eskatu dute, koronabirusak eta kutsadurak hildakoak gogoratzeko. Bideo bat ere egin dute «erne jarri eta kontura gaitezen pandemia isila bezain hilgarria ari garela pairatzen: kutsadura». Protestaren deitzaileek azaldu dute kutsadura hori besteak beste Gueñesko biomasa plantak (Bizkaia), Zubietako erraustegiak (Gipuzkoa), Muskizko findegiak (Bizkaia), Zaldibarko zabortegiak (Bizkaia) eta beste zenbaitek eragiten dutela, airera igortzen dituzten dioxinen, metal astunen, eta partikula fin eta nanoen bidez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.