Garraio publikoan maskarak derrigor erabiltzea proposatu du Jaurlaritzak

Espainiako Gobernuak aitortu du prest dagoela neurri hori hartzeko tren bidaietarako eta hegaldietarako.

.Pertsona bat maskara janzten. JON URBE / FOKU
jon olano
2020ko apirilaren 27a
17:43
Entzun

Konfinamendua nola leundu pentsatzen hasiak dira gobernuak, eta maiatzaren 11tik aurrerako testuinguruan kokatzen ari dira jada. Alama egoera egun horretatik harago luzatu badezake ere, Espainiako Gobernuak esana du «normaltasun berri baterako» pausoak ematen hasi nahi duela egun horretatik aurrera.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzak Espainiako Gobernuari proposatu dio garraio publiko osoan derrigor erabili behar izatea maskarak, koronabirusaren hedapena eragozte aldera. Izan ere, aurreikusi dute hainbat garraio publikotan ezinezkoa izango dela gainerako bidaiariengandik behar bezain urrun egotea, eta, halakoetarako, Jaurlaritzak nahi du ezinbestekoa izatea maskaren erabilera.

Beste neurri batzuk hartzeko asmoa ere badu Jaurlaritzak: kontrolak ezartzea bidaiariei tenperatura neurtzeko, esaterako.

Asmo horiek Arantxa Tapia Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako sailburuak azaldu ditu Euskadiko Garraio Agintaritzak gaur egin duen bileran. Azaldu duenez, jarduera ekonomikorako itzulera progresiboaren eraginez, garraio publikoak betetzea espero da hilaren 11tik aurrera, eta, beraz, beharrezkoa izango da segurtasun eta prebentzio neurriak «indartzea». Tapiak azaldu du  «premiazko zerbitzua» dela garraio publikoa, baina «segurua» izan behar duela osasunaren ikuspegitik.

Jose Luis Abalos Espainiako Sustapen ministroa ere mintzatu da gai horretaz, eta zabalik utzi du autobusetan, trenetan eta hegazkinetan prebentzio neurriak nahitaezko izendatzeko aukera. Abalosek azaldu du pertsonen garraiorako enpresa ugari ez liratekeela bideragarriak ekonomikoki, gehienez eraman dezaketen jende kopurua herenera murrizten bada; halakoetarako, ezinbestekoa litzateke maskara jartzea: «Okupazioaren herenari eusteko gomendioa zaila izango da betetzeko; sektore pribatuak ezin izango dio eutsi okupazioaren herena salduta».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.