Hilberria

Michael Robinson hil da, Osasunako jokalari ohia

Robinsonek Txapeldunen Liga irabazi zuen Liverpoolekin, baina Osasunarekin jokatutako hiru denboraldien egin zuten ezagun Euskal Herrian. Erretiroa hartuta, kazetaritza izan zuen lanbide, eta haren analisiek eta erreportaje sakonek kirol kazetaritzari beste ikuspegi bat eman zioten.

Michael Robinson, iazko agerraldi batean. RODRIGO JIMENEZ / EFE
Iosu Alberdi.
2020ko apirilaren 28a
11:03
Entzun

Michael Robinsonek (1958-2020) Ingalaterran igaro zituen futbolari gisa izaniko urterik onenak. Liverpoolen jarraitzailea zen, eta talde harekin 1984ko Txapeldunen Liga irabaztera iritsi zen. Halere, Euskal Herrian gerora egin zen ezagun, 1987an, Osasunak fitxatu zuenean. Erretiroa hartuta, kirol kazetari bilakatu zen; besteak beste, Informe Robinson eta El Día Después programak gidatu zituen. 61 urterekin hil da, minbiziak jota.

Arthur Robinson aitaren pausoei jarraituta, Michael Robinson ere futbolari bilakatu zen. Aurrelari ingeles klasiko bat, area barruan errematatzeko gaitasun handikoa. 17 urte zituela egin zuen debuta, Preston North End taldean. Handik, Manchester Cityra joan zen lehenik, eta Brightonera gero. 1983an iritsi zen, ordea, bere ametsetako taldera, Liverpoolera. Ez zuen minutu asko jokatzeko aukerarik izan, baina Liga, Ligako Kopa eta Txapeldunen Liga irabazi zituen. Azken txapelketa hartako finalaren luzapena jokatu zuen. Robinsonek berak Público agerkariari emandako elkarrizketa batean adierazi zuen talde hura zela herritarrak pozten zituen gauza bakarra, Margaret Tatcher lehen ministroaren garai zailetan: «Liverpool zen, agian, haurrak kalera zakurrei hozka egitera ateratzen ziren hiri bakarra. Hura gogorra zen, eta gu izan ginen jende horren albiste on bakarra. Haiek, lehen esaten genuen moduan, janak, mastekatuak eta listuan botatakoak izan ziren. Enparauak, langileak». Robinsonek bi deboraldi gehiago egin zituen talde gogoangarri hartan, Queens Park Rangers talde apalagora joan aurretik.

1987an iritsi zen Robinson bere bigarren talde kutunera, Osasunara, 25 milioi pezetaren truke. Orduan, apenas ezagutzen zuen taldea: «Osasuna bilatu nuen mapan, eta ez zen ageri. Uste nuen Osasuna toki bat zela, baita haiekin entrenatzen hasi nintzenean ere. 'Kaixo', 'agur', 'garagardoa'... esaten nekien, beharrezkoak». Urte hartako urtarrilaren 10ean egin zuen debuta, eta bere lehen denboraldian zazpi gol sartu zituen, 23 partidatan. Bi urte geroago, ordea, oraindik 30 urte besterik ez zuela, erretiroa hartu behar izan zuen, belauneko lesioek eraginda. Taldeak ez du Robinsonen figura ahaztu, eta sare sozialen bidez adierazi du atsekabea: «Gure oroimenean egongo da beti».

Bere futbol ibilbidean, Irlandako selekzioarekin —bere amaren herrialdeko taldearekin— jokatu zuen Robinsonek (24 partida), Leicesterren (Ingalaterra) jaioa izan arren. Ingalaterrari «amorruz» hartu zuen erabakia, haiek bigarren taldearekin jokatzeko aukera eskaini baitzioten. «Irlandak aukera eman zidan. Oso talde ona zen. Eta, batez ere, posible zen oparirik onena emango nion nire amari», adierazi zion Efe albiste agentziari.

Ohiko kirol kazetaritza baino gehiago

Jokalari izateari utzi zion, baina ez zen futbol zelaietatik urrundu. Espainiako hainbat telebista katetan aritu zen partidetako esatari gisa. Besteak beste, haren azentu ingelesak eta hitz egiteko erak egin zuten ezagun. Espainiako Ligako jardunaldien biharamunean futbola eta umorea batzen zituen El Día Después saio aurkeztu zuen urte luzez, baina kirol kazetaritzari eginiko ekarpenik nabarmenena Acento Robinson eta, batez ere, Informe Robinson saioekin iritsi zen. Analisi eta erreportaje sakonen bidez, ikus-entzunezko ohiko kirol saioetatik haratago iritsi zen. Iñaki Otxoa alpinistaren heriotza, Alex Aranburu surflariaren ibilbidea, Johan Cruyffen legatua, Gino Bartalik II. Mundu Gerran eginikoak eta beste asko ere aztertu zituen.

Egungo futbolaren ibilbidearekin oso kritikoa zen kazetaria: «Nire ustez, futbola diruak bahituta dago aspalditik. Futbola masen opioa da. Orduan, nori inporta zaizkio masak? Politikariei, baina, batez ere, aberats handiei, diruari».

2018an, minbizia zuela jakinarazi zuen: «Partida bat jokatzen ari naiz, eta orain 2-0 galtzen ari naiz. Baina tentuz, ordu erdi falta da eta Messi dut txandalaren galtzak kentzen, eta niretzat jokatuko du... Minbiziak, espero dut lehen baino beranduago, aukera bat du: behin hil nazake, baina ezin du egunero egin». 2020ko apirilaren 28an hil da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.