Musika

Jazzaldiari eutsiko diote, baina formatua txikiagotuta

Bertan behera geratu da hasieran uztailaren 22tik 26ra bitarterako prest zegoen programa, baina tokiko artistekin Trinitate plazan kontzertuak eskaintzeko asmoa dute antolatzaileek

Iazko Donostiako Heineken Jazzaldia jaialdiko irudi bat. JUAN HERRERO/EFE
Inigo Astiz
2020ko apirilaren 29a
14:09
Entzun

Ez da aurreikusitako jaialdia egingo, baina jaialdia egingo dute. Prestatuta zeuzkaten emanaldi eta saio guztiak bertan behera utzi ditu Donostiako Heineken Jazzaldiak, baina koronabirusaren hedapenak ezarritako segurtasun neurrietara egokitutako programa berri bat prestatuko dute. Ekain amaieran edo uztail hasieran emango dituzte hari buruzko zehaztasun guztiak, baina festibalak formatu txikiagoa izango duela iragarri dute jadanik. Minimora eramango dute festibala, eta tokiko artistekin osatuko dute Trinitate plazako agertokiko egitaraua.

«Tokiko publikoari eskainitako» Jazzaldi bat izango da, antolatzaileek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez. Batez ere tokiko artistak programatuko dituzte, eta osasun publikoa babesteko arau guztiak beteta egingo dituzte emanaldiak. Horregatik, zalantzari zirrikitu bat ere utzi diote antolatzaileek bidalitako oharrean. Izan ere, bertan zehaztu dutenez, saioek Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren baimena jaso beharko dute, eta, ondorioz, baimen horren menpe ikusiko da, azkenean, jaialdiaren bertsio murriztua egiteko aukera badagoen edo ez.

Larrialdi egoeraren eraginez, ezinezko bilakatu da eustea jaialdiak urtero eskaini izan duen kontzertu jendetsuen ereduari, eta atzerriko artistek ere hilabete batzuez ezin izango dute Donostiarako bidaiarik egin. Horren ondorioz, murriztu egingo dituzte bai kontzertu kopurua eta baita haietan bilduko den ikusle kopurua ere.

Sarreren dirua itzuliko dute
Sarrerak erosita zeuzkatenek maiatzean jasoko dute dirua bueltan. Internet bidez erosi direnak automatikoki itzuliko dira ordainketa egiteko erabilitako kreditu txartelera. Leihatilan erositakoen kasuan, Victoria Eugenia antzokiko leihatila ireki arte itxaron beharko da

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.