Maeztu: «Ez geunden prestatuta pandemiari aurre egiteko»

Nafarroako Gobernuko Gizarte Eskubideen kontseilariak orain arte egindako kudeaketari buruzko analisia egin du parlamentuan, eta aurrera begira irakaspenak ateratzeko beharra azpimarratu du

Mari Carmen Maeztu, otsaileko argazki batean. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2020ko apirilaren 29a
15:18
Entzun

Inoiz ez bezalako osasun krisia izan dute aurrean, eta olatu handi horrek zahar etxeak gogor jo ditu batik bat. Azken datuen arabera, zahar etxeetan 137 pertsona hil dira, eta, horiei ospitaleetan hil direnak gehituta, 187tik gora dira. Gaur, parlamentuan egindako agerraldian, Maeztuk onartu du SARS-CoV-2 koronabirusa «bereziki oldarkorra» izan dela, eta heriotza ugari eragin dituela: «Ez geunden prestatuta pandemiari aurre egiteko», onartu du Maeztuk, eta gaineratu du hasieran zekitena eta gaur egun dakitena «oso desberdina» dela. Haren hitzetan, «egoera egongaitzean» harrapatu ditu pandemiak, batik bat materialei dagokienez.

Navarra Sumak eskatuta, egoeraren orain arteko kudeaketari buruzko azalpenak eman ditu Maeztuk. Kontseilariaren arabera, hilabete eta erdiren ondoren, egoerak hobera egin du, hala 71 zahar etxeetan nola 49 menpekotasun zentroetan. «Kontrolpean dago zahar etxeetan, eta, azken datuen arabera, gelditu egin da pandemia. Zentroek orain baliabide eta informazio gehiago dituzte», nabarmendu du, nahiz eta zuhur mintzatu. Sendagiriak hirukoiztu egin dira erabiltzaileen artean. Apirilaren 13an, goia jo zuen positibo kopuruak (933), eta geroztik 209 kasu gutxiago dago.

Maezturen hitzetan, egoera oso aldakorra izan da, eta «malgu eta azkar» jokatu behar izan dute. «Egin beharreko guztia egin dugu, baina eragina handia izan da». Maezturen arabera: adina, aurretik gaitzak izatea eta zahar etxeetako komunitate bizitza bera. Nafarroako 71 zahar etxeetan 5.835 erabiltzaile daude: 2.312 PCR proba egin dira, eta 2.383 test azkar; lehenek 1.204 positibo eman dituzte, eta bigarrenek, 278. Maeztuk onartu du ez dela erraza izan, eta aurrera begira ere ohartarazi du: «Ez da erraza izango».

Aurrera begirakoa

Horregatik, ikuskaritza bat egingo dute, Nafarroan zehatz-mehatz zer gertatu den aztertzeko, eta txostenaren zirriborroa aurreratuko diete taldeei. Maezturen arabera, irakaspenak atera behar dira. Konfinamenduaren arintzeari begira, osasun departamenduarekin koordinazioan jarraitzeko beharra azaldu du, eta kontingentzia plan bat landu beharko dela «bigarren olatuaren kolpeari aurre egiteko».

«Oraindik egoera ikaragarri bat sufritzen ari gara, eta irakaspenak har ditzakegu. Modurik onena da komunitate gisa berreraikitzea. Honek gizakiaren onena eta txarrena atera du. Elkarlana eta elkartasuna gure artean daude, eta etorkizunean hori zabaldu behar dugu. Txiki ikusi dugu geure burua, eta ikusi dugu ez dugula dena kontrolpean. Berriro beldurra nabaritu dugu, eta hauskorrak garela». Maezturen arabera, elkartasuna eta laguntza da aurrera begirako oinarria, eta argi utzi du etorkizunean zahar etxeak ezin direla ospitale bihurtu, nahiz eta egoera honetan osasun arreta erabat bermatu behar den.

Gertatutakoaren kontakizuna

Gertatutakoaren kontakizun kronologikoa egin du Maeztuk. Martxoaren 6an izan zuten lehen bilera Espainiako Gobernuaren ordezkariekin, eta asteburu hartan departamentuak egoerari aurre egiteko proposamena helarazi zien zahar etxeei, euren ekarpenak egin zitzaten. Martxoaren 11n, Osasunaren Mundu Erakundeak pandemia deklaratu ostean, Gizarte Eskubideen Departamentuak lehenetsi zuen zahar etxeetan infekzioa saihestea, infekzioari aurre egiteko baliabide guztiak jartzea, Osasun Departamentuarekin koordinatzea eta komunikazio bideak irekitzea zahar etxeekin, «ordutegi mugarik gabe». Komunikazio horretan gaineratu zituzten zuzendaritzak, zahar etxeen partzuergoak, langileak... Ezarri zuten bisitak mugatzea eta nola jardun sintomak agertuz gero.

Besteak beste, osasun arloko profesionalen talde bat osatu zen hasieran, zahar etxeei ezgaitasun eta menpekotasun arloan aholkuak emateko. Zahar etxeetara bisitak egin zituzten martxoaren erdialdera, bakoitzaren egoeraren berri izateko, eta kutsatzeak eragozteko neurriak zehazteko: eremu komunetan nola jokatu, sintomak dituztenak bakartu, zer urruntze neurri hartu eta nola eutsi senideekiko hartu-emanari. Guztira, 150etik gora bisita egin dituzte, eta 800dik gora dei.

Lehen hildakoa maiatzaren 27an izan zen, eta, egoerak aurrera egin ahala, ikusi zen kolpea handiagoa izango zela, zahar etxe batzuetan positibo anitz zeudenez; horietan gehiago esku hartu du gobernuak. Orain arte, hamabi zentrotan esku hartu dute, eta bi menpekotasun zentrotan; gainera, bost zuzendari izendatu dituzte, eta hemeretzitan langileak kontratatu dituzte.

Material falta zela eta, 101.020 euro behar izan dituzte langileen eta zahar etxeen beharrei aurre egiteko (hala nola 181.000 eskularru, hidrogela, 12.000 FFP2 maskara eta 17.000 maskara kirurgiko...). Halaber, 157 langile kontratatu dira.

Azkenik, polemika egon da azken astean Nafarroako Gobernuak apirilaren 15ean erabaki zuelako zahar etxeetako hildakoak eta positiboak datu ofizialetan sartzea. Maeztuk argitu du departamentuak bere oharretan eta azalpenetan eman zituela aurretik datuok. Ikusi zutenean Osasun Departamentuaren datuekiko aldea handitzen ari zela, orduan erabaki zuten datuak bateratzea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.