Maiatzaren lehena etxetik ospatu dute

Ipar Euskal herriko hainbat eragilek balkoitik egin dute manifestazioa, goizean. Krisi sanitarioak eskubide sozialetan ukanen dituen ondoriak izan dituzte jomugan.

Maiatzaren lehena, etxetik. IPAR EUSKAL HERRIKO HITZA
Oihana Teyseyre Koskarat.
2020ko maiatzaren 1a
13:41
Entzun

Ez da usaian bezalakoa izan aurtengo maiatzaren lehena: karrikara atera gabe eta etxetik ospatu dute langileek gaurkoan, M1 Etxetik dinamikaren baitan. Ipar Euskal Herriko hainbat eragilek bultzatu dute «manifestazio alai, aldarrikatzaile eta konfinatua». CGT eta LAB sindikatuek, Aitzina gazte mugimenduak, Bizi mugimendu altermundialistak eta EBA kolektibo feministak antolatu dute ekimena. Goizeko 11:50tan balkoietara atera dira hainbat lekutan, bakoitzak bere aldarriak zintzilikatu ditu leihotik, eta Bella Ciao kantua entzun dute ordu berean. Sare sozialetan bideo eta argazkiak partekatzera gonbidatu dituzte parte hartzaileak.

Eñaut Aramendi LABeko kideak mezu hau zabaldu du sare sozialetan: «Argi dugu, heldu diren asteetan gure enpresetan borrokatu eta antolatu beharko dugu. Patronalak krisi sanitario, ekonomiko eta soziala langileei pagarazi nahi die. Onartezina da. Bizita erdigunean jarri behar dugu». Aramendik langileei dei egin die «gaurko leihoko aldarrikapenak, bihar karriketara» eramateko.

 

 

EH Baiko kideek Frantziako Gobernuaren joera salatu, eta, onartezintzat jo dute krisi sanitarioak lan eskubideen arloan izandako eragina. «Egoeraz baliatu dira lan kodean zein eskubide sozialei murrizketa gehiago inposatzeko», salatu dute. Osasun krisiaren ondoko egunak izan dituzte gogoan; «mobilizazio eta borrokarako» tartea ireki duelakoan. «Sistema kapitalistaren logikatik» urruntzeko gogoeta eramatea beharrezkotzat jo dute, eta gizarte «justuago baten alde» egitera deitu dute. «Euskal Herrian ditugun alternatiba ainitzek jendarte justuagoa osatzen dutela, gure eskura eta gure ingurumena errespetatuz. Kapitalismoaren kontrako zentzura doazen aterabideak dira horiek», esan dute.

Bizi mugimenduak ere, aldarriak sare sozialetara plazaratu ditu: «Klima, langileen eskubideak eta zerbitzu publikoak suntsitzen segitzen duten egitasmo guzien kontra ihardukitzera dei egiten dugu, eta Ondoko Eguna eraikitzeko borondate deliberatua dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.