Palestina

Likudek Zisjordaniaren gehiengoa anexionatzeko lege proiektua aurkeztu du

Netanyahuren plana da «Israelen subiranotasuna aplikatzea» juduen kokaguneetan, Jordan haranean eta Itsaso Hilaren iparraldean.

Familia bat belarra jasotzen, Zisjordaniako Nablus hiriaren inguruan. ALAA BADARNEH / EFE
ander perez zala
2020ko maiatzaren 4a
10:49
Entzun

Benny Gantzekin adosturiko akordioan eta Donald Trump AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak iragan urtarrilean aurkezturiko Ekialde Hurbilerako planean oinarrituta, Benjamin Netatanyahu Israelgo jarduneko lehen ministroak beste pauso bat eman du palestinarren lurrak bereganatzeko asmoan: Likud haren alderdiak Zisjordaniaren gehiengoa anexionatzeko lege proiektua aurkeztu du dagoeneko parlamentuan.

Azken hauteskundeen kanpainan adierazi zuenez, Netanyahuk «Israelen subiranotasuna aplikatu» nahi du palestinarren lurretan, eta, atzo ezagutarazitako testuaren arabera, honako eremu hauek ditu helburutzat: juduen kokaguneak, Jordan harana eta Itsaso Hilaren iparraldeko eremua —Zisjordania ekialdean dago—.

Jarduneko lehen ministroak baditu nahikoa babes parlamentuan neurria onartzeko, eta, hortaz, AEBen, nazioarteko aliaturik indartsuenaren oniritzia besterik ez zaio falta. Trumpen iragan urtarrileko planaren edukia kontuan hartuta, Netanyahuk ez luke arazorik izan beharko: «Konfiantza dut Israelen Zisjordaniarekiko subiranotasuna aitortzea bi hilabeteko epean gauzatuko dela», adierazi zuen atzo Israelgo jarduneko gobernuburuak, Etxe Zuriari erreferentzia eginez.

Duela bi aste Netanyahuk eta Gantzek koalizio gobernu bat eratzeko ituna lortu zuten, eta, horri esker, urtebeteko blokeo politikoa amaitu egin zen. Adostasunaren arabera, Israelek Zisjordania anexionatzeko legedia goizenik uztailaren 1ean bozkatu beharko du; beraz, akordio hori errespetatuko balu, Israelgo jarduneko lehen ministroak bi hilabete itxaron beharko luke lege proiektua onar diezaioten.

Horrez gainera, Washingtonek Tel Avivi eskatu zion anexionatu beharreko eremuei buruzko mapa osatu arte pauso erabakigarririk ez egiteko; Trumpen planak Zisjordaniaren %30 anexionatzea aurreikusten du, baina duela lau hilabete eman zituen azalpenetan ez zuen eman eremu zehatzari buruzko xehetasun handirik.

AEBak jarraitu ala ez

Likuden, ordea, badira sektore batzuk anexioaren auzia AEBen planetik banandu nahi dutenak, eta parlamentuan horri buruzko bozketa berehala egin nahi dutenak, jarduneko gobernu bat karguan dagoen arren. Horien interesen ikuspuntutik jokaldi arriskutsua litzateke, Etxe Zuriak anexioa babestuko baitu soilik AEBetako presidentearen planaren testuinguruan bada.

«Lege proiektuak subiranotasuna aplikatuko dio Judeari, Samariari eta Jordan haranari, Israelgo Estatua kolokan jarriko lukeen Palestinaren estatu baten aitorpenik egin gabe», adierazi zuen atzo juduen kokaguneak biltzen dituen Yesha Kontseiluaren buru David Elhayanik.

Esan horiek agerian utzi zuten badirela desadostasun batzuk mugimendu sionistan, AEBen planak palestinarrentzako estatu bat aurreikusten baitu. Hori bai, Palestinako agintariek onartzeko ia ezinezkoak diren baldintzak ezarrita, Israelen hamarkadotako aldarrikapenak onartzera behartzen baititu: Jerusalem Israelen hiriburutzat aitortzea, eta orain arte eraikitako kokaguneak desegiteko helburua bertan behera uztea, adibide batzuk aipatzearren. Hortaz, balizko Palestinako Estatua Zisjordaniak eta Gazak osatuko lukete, eta biak tunelen bidez egongo lirateke konektatuta.

Hori onartzearen trukean, Trumpek 44.000 milioi euroko inbertsioa egingo luke Ekialde Hurbilean, eta kopuru horretako 25.000 milioi izango lirateke Palestinarentzat; agintariaren arabera, ia milioi bat lanpostu sortuko lirateke, eta barne produktu gordina hirukoiztu egingo litzateke.

Zisjordaniaren parte bat anexionatzeko asmoaz, Arabiar Liga oso kritiko agertu zen iragan astean: «1967an okupaturiko Palestinako lurraldeak anexionatzeko Israelgo Gobernuaren planak gerra krimen berriak lirateke, nazioarteko legedia eta Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak urratuko bailituzkete». Likuden arabera, ordea, eremu horien anexioak «arrazoi estrategikoak eta politikoak» ditu.

Etorkizun politikoa jokoan

Anexioari buruzko lege proiektuaz gain, jarduneko gobernuburuaren etorkizun politikoak izan du oihartzun politikoa egunotan. Israelgo Auzitegi Gorenak atzo abiatu zuen herrialdea berriz hauteskundeetara eraman dezakeen auziaren inguruko eztabaida: Netanyahuk lehen ministro karguan jarraitu dezakeen, inputatuta dagoen arren.

Epaimahaia 11 epailek osatzen dute, eta gaur entzungo ditu aldeko eta kontrako azken argudioak, eta bihar edo etzi emango du erabakiaren berri. Legediaren arabera, inputatuta dagoen inor ezin da ministro izan, baina ez du zehaztapenik egiten gobernuburu karguaz.

Gantzek eta jarduneko gobernuburuak adosturiko itunaren arabera, epaia kontrakoa balitz herrialdean bozetara deitu beharko litzateke berriz, urtebetean laugarrenetara. Aldekoa balitz, Netanyahuk 2021eko urrira arteko jarraituko luke lehen ministro karguan, eta orduan hartuko luke kargu hori Gantzek —bitartean, Defentsa ministro eta lehen ministrordea izango da—.

Parlamentua ostegunean da biko gobernatze modu berri hori ahalbidetzeko zuzenketak bozkatzekoa; izan ere, egun horretan amaitzen da gobernua osatzeko epea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.