Albistea entzun

Laguntzak

Etxeko langileek eta aldi baterakoek bihartik aurrera eska dezakete langabezia saria

Berez langabezia saria jasotzeko eskubiderik ez duten beharginentzat subsidio bereziak izango dira COVID-19arengatik. BOEk gaur argitaratu ditu baldintzak; eskakizunak bihartik aurrera egin ahalko dira, eta dirua hurrengo hilabetean jasoko da. Aldi baterako langileentzat ordain bakarra izango da, 430 euro.

Lanbideren bulego bat Bilbon, itxita COVID-19arengatik.
Lanbideren bulego bat Bilbon, itxita COVID-19arengatik. Luis Tejido / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Irune Lasa -

2020ko maiatzak 4 09:28

Martxoaren 31n onartu zituen Espainiako gobernuak, eta apirilaren 2an jarri ziren indarrean; koronabirusa zela eta, aparteko subsidioak izango ziren lanik gabe geratutako etxeko langileentzat eta laguntzarako eskubiderik gabeko aldi baterako langileentzat. Baina beharginek orain arte ezin izan dute sari berezi hori eskatu, ez zegoelako ezarrita haiek eskatzeko prozedurarik. 

BOE Estatuko Aldizkari Ofizialeko bi ebazpenek zabaldu dute orain bidea, subsidioak jasotzeko baldintzak ezarrita, eta beharginek bihartik aurrera egin ahalko dute eskaera. Subsidioa eskatzeko hilabete itxaron ostean, eskaria onartzen bazaie, beharginok beste hilabete bat itxaron beharko dute dirua jasotzeko, zehazki, eskaria onartu eta hurrengo hilaren 10era arte. 

Etxeko langileak 

Alarma egoeraren aurretik etxeko langileen erregimen berezian izena emanda zeuden etxeko langileek subsidioa eska dezakete kasu hauetan: murriztu egin baldin bazaie lanaldia, edo zerbitzua eskaintzen zuen etxeetakoren batean edo guztietan lan egiteari utzi behar izan badio. Eskaera egiteko, etxeko langileak lanaldia murriztu dioten edo kaleratu duten enplegatzaile guztien ardura adierazpenak aurkeztu behar ditu, zeintzuetan zenbat ordaintzen dioten agertu behar duen, 

Kaleratzeagatik edo lanaldi murrizketagatik jasotzeari utzi dion oinarri kotizagarriaren %70aren adinakoa izango da subsidioa, betiere aurreko hilabetea hartuz aintzat. Kasu batean zein bestean, subsidioaren diru muga lanbidearteko gutxieneko soldataren 950 euroak izango dira. Etxeko langileentzako subsidioa ez da bateragarria izango aldi baterako ezintasunarekin. Ezingo da eskatu langileak ordaindutako baimen berreskuragarria izan badu, edo eskaera egin osteko lanetatik lortutako diru sarrerek, subsidioarekin batera, gutxieneko soldataren zenbatekoa gainditzen badute.

Ebazpenaren arabera, laguntza hilero jasoko da, hilaren 10ean, baina enplegu zerbitzuak hiru hilabete ditu eskaera onartu ala ez erabakitzeko. Eskaera onartu eta hilaren 10ean ordainduko dira, halaber, lanaldia murriztu edo lana galdu geroztiko atzerapenak.

Ordain bakarra aldi baterako langileentzat

Langabezia saria jasotzeko nahikoa kotizatu ez eta alarma egoeran kontratua amaitu zaien aldi baterako langileentzat, oraingoz, subsidio berezia hilabete bakarrekoa izango da; hots, ordain bakarra izango dute, 430 euro, gobernuak ez badu laguntza denboran luzatzea erabakitzen. Eskaera egiteko, langileak gaur BOEn argitaratutako ebazpenean dagoen eredua aurkeztu beharko du. 

Laguntza jasotzeko, aldi baterako langileak gutxienez bi hilabete egin behar izan ditu lan kontratua amaitu aurretik. Iraupen jakineko kontratuak hartzen dira aintzakotzat, bitartekoak, formakuntzakoak eta errelebokoak. Laguntza ez da izango bateragarria administrazio publikoek emandako beste gutxieneko errenta batzuekin edo antzekoekin.  

 

 

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

CAFek Suediarako egingo dituen trenen irudi bat. ©CAF

CAFek kontratu handi bat lortu du Suedian

Iker Aranburu

Gutxienez 250 milioi eurorena izango da, baina zabaltzeko aukera guztiak gauzatuz gero, halako bi izatera irits daiteke.

Idoia Mendia Lan sailburua astearte honetan egindako agerraldian ©Irekia

Jaurlaritzak eskubide subjektibo gisa aitortuko ditu enplegu politika aktiboak

Jokin Sagarzazu

Langileen formakuntzan oinarrituko du 2030erako enplegu estrategia. Kezka agertu du egungo lan merkatuaren «egiturazko gabeziekin».

Aernnovako langileen elkarretaratzea EAEko Auzitegi Nagusiaren kanpo aldean. ©Monika Del Valle / FOKU

Aernnovako langileek uste dute kaleratzeak indargabetzeko arrazoiak badaudela

Imanol Magro Eizmendi

Enpresak iruzur egin duela salatu dute epaiketan, enpresaren jabe eta bezero bakar den heinean fakturazioa baldintzatzeko ahalmena duelako.

Pedro Azpiazu eta Josu Erkoreka sailburuak, artxiboko irudian. ©David Aguilar / EFE

Finkatuz funtsa kudeatzeko sozietate publikoa sortzea baimendu du Jaurlaritzak

Irune Lasa

Euskal enpresa handietan epe luzerako partaidetzak erosteko da Finkatuz funtsa, haiek Euskal Herrian errotzeko helburuarekin. 160 milioi euroko kapital sozialarekin hasiko da, eta Jaurlaritzaren borondatea da 300 milioi euroraino handitzen joatea. Krisian dauden enpresak baztertuko dira, eta «sektore estrategikoak» lehenetsi. Orain arte, soilik CAFen eta Kaikuren akzioak erosi ditu Finkatuz-ek.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.