Ekonomia suspertzeko plan bat landuko du Nafarroako Gobernuak

Maria Txibite: «Ez dugu krisi honetatik atera nahi 2008kotik atera ginen moduan».

Maria Txibite Nafarroako lehendakaria, gaur. NAFARROAKO GOBERNUA
Iker Aranburu.
2020ko maiatzaren 5a
11:52
Entzun

Nafarroako Gobernuak jakinarazi du ekonomia suspertzeko plan bat jarri nahi duela indarrean ekainaren amaierarako.  Nafarroa Suspertu 2020-2023 izena jarri dio, eta «oparotasun formula berriak» bultzatuko ditu.

«Ez dugu krisi honetatik atera nahi 2008ko krisitik atera ginen moduan; ez dugu atera nahi arrakala sozial gehiagorekin, desberdintasunekin, baizik eta eredu bidezkoago eta berdinzaleago batekin, gizarte zerbitzuak indartuta», azaldu du Maria Txibite Nafarroako lehendakariak.

Egungo egoera «36ko gerraz geroztik Nafarroak izan duen erronkarik handiena» dela azaldu du presidenteak, eta hari aurre egiteko «ekonomian eta gizartean aldaketa sakonak, iraunkorrak eta berritzaileak» egin behar direla.

«Gizartera irekitako plana» egingo duela agindu du Txibitek. Horregatik, honako hauekin hitz egingo duela iragarri du: alderdi politikoekin, tokiko erakundeekin, unibertsitateekin, patronalarekin, sindikatuekin, zentro teknologikoekin eta gizarte erakundeekin.

Planak zazpi zutabe izango ditu: gizartearen babesa, zerbitzu sozialak indartzea, elkarbizitza, enpresa sarea laguntzea, trantsizio energetikoa, lurralde garapen jasangarria, eta enpresen nazioartekotzea eta EBren estrategiak betearaztea.

Neurri zehatzagoen artean, zahar etxeen eredua berriro aztertu behar dela onartu du Nafarroako Gobernuak, eta etxebizitza eskubide subjektibo gisa onartzeko prest dagoela. «Pertsonen zaintzaren ekonomia» garatu behar dela dio, eta zenbait industria birmoldatu beharko dela. Elkarbizitzari dagokionez, espazio publikoen erabileran eta kontsumo ohituretan aldaketak egin nahi ditu, eta boluntarioen sareak koordinatu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.