Koronabirusaren krisia

Bizkaiko Aldundiak %60ko kenkaria onartu du sozietateen zergan

Koronabirusaren krisiarengatik galerak izan dituzten enpresek baliatu ahal izango dute neurria, baina erabilera jakin batzuk eman beharko dizkiote ordaindu gabeko zergen diruari.

POLITIKA. FORU GOBERNUA. Jose Maria Iruarrizaga Bizkaiko ogasun diputatua eta Iñaki Alonso ogasuneko zuzendari nagusia. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko maiatzaren 5a
13:45
Entzun

COVID-19 aren krisiarengatik diru galera handiak izan dituzten Bizkaiko enpresek %60rainoko kenkaria eskatu ahal izango dute 2019ko sozietateen zergaren ordainketan. Zerga hori uztailean ordaintzen da –aurten salbuespen neurri gisa irailera atzeratu bazuten ere—, eta krisiarengatik euren salmentetan beherakada handia izan dutela froga dezaketen enpresek baliatu ahal izango dute zergen murrizketa. Onura horrek, baina, helburu jakin batzuk izan behar ditu, besteak beste, 2020ko galerak estaltzea, berrikuntzan inbertitzea edota lanpostuak sortzea.

Bizkaiko Aldundiak «ekonomiaren berpiztea» erraztea bilatu du 04/2020 foru dekretuarekin, eta hor zehaztu ditu zeintzuk diren onura horiek jasotzeko baldintzak. Sozietateen zerga ordaintzen duten enpresa guztiek eskatu ahal izango dute, ondare elkarteak eta multzo fiskalak izan ezik. Onuradunek baldintza hauetako bat bete beharko dute: 2019ko ekitaldian ustiapen ekonomiko bat egin izana; zerga baterakuntzaren erregimenean ez ordaintzea zergak edota COVID-19aren ondorioz beren jarduna nabarmen murriztuta izatea.

Zein irizpideren arabera zehaztuko da jardueraren murrizketa? Bi dira: 2020. urteko lehen seihilekoko eragiketen bolumena iaz epe berean eginikoena baino %25 txikiagoa izatea; edota 2019ko ekitaldian zehar kontabilitate emaitza positiboa izan, eta 2020. urteko lehen seihilekoari dagokion kontabilitate emaitza gutxienez iazko lehen sei hilabetekoaren erdia edo txikiagoa izatea. Onura horiek jasotzen dituzten enpresek ezingo dute ez etekinik edo erreserbarik banatu 2020ko eta 2021eko ekitaldietan, ezta funts propioak murriztu ere bazkideei ondasun edo eskubideak emanez.

Ezohiko kenkariarekin aurrezturiko dirua, baina, ezingo da nahierara erabili, eta helburu hauetako bat izan beharko du: 2020ko ekitaldian izandako galerak konpentsatzea; ohiko ez diren aktibo berrietan inbertitzea; Ikerketako eta garapeneko edo berrikuntza teknologikoko proiektuak egitea; beste zergadun batzuen I+G+b-ko proiektuak finantzatzea; enplegua sortzea; edota enpresa txiki edo ertainen akzioetan edo partaidetzetan inbertitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.