Erresuma Batuak itxialditik irteteko urratsak zehaztu ditu

Europan hildako gehien izan duen herrialdea da oraingoz Erresuma Batua. Bost mailako alerta sistema jarri du indarrean Londresek.

Jendea lanera bidean, Londresko metroan. FACUNDO ARRIZABALAGA, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko maiatzaren 11
11:27
Entzun

COVID Alerta Sistema jarri du indarrean Boris Johnson Erresuma Batuko lehen ministroak. Bost mailako alerta sistema bat da; lehen maila litzateke baxuena, eta bosgarrena altuena. Oraintxe, Ingalaterra laugarren mailan legoke, baina hirugarrenera igarotzeko prest, hau da, egunerokoari jarritako murrizketak arintzen hasteko prest. Neurri horiek, baina, soilik Ingalaterran ezarriko dira, eta ez Galesen eta Eskozian.

Hirugarren fasean, arindu egingo dira martxoaren 23an ezarritako murrizketak. Besteak beste, jende gehiagorekin elkartzeko aukera izango da, betiere bi metroko segurtasun tartea errespetatzen bada. Horrez gain, kirola egitera ere batera atera ahal izango dira etxe berean bizi direnek. Dena den, Dominic Raab Atzerri ministroak «zentzuz» jokatzeko eskatu die herritarrei: «Zentzuz jokatuz gero eta bi metroko segurtasun tartea errespetatuz gero, jende gehiagorekin bil zaitezke».

Lantokiei dagokienez, etxetik lan egiten jarraitzeko aholkatu du gobernuak, baina, hori ezinezkoa den kasuetan, lantokietara itzuli ahal izango dira asteazkenetik aurrera, eraikuntzan eta industrian, kasurako. Laboristek kritikatu egin dute neurri hori, salatuz ez zaiela langileei segurtasun neurriei buruzko informaziorik eman, eta ezta enpresei horiek prestatzeko tarterik ere. Johnsonek zehaztu du ez dela gobernuaren asmoa jendeari lantokietara itzultzeko eskatzea, baina lehentasuntzat jarri dutela eraikuntza, manufaktura eta ehungintza alorrak abian jartzea, «segurtasun neurriekin».

Mugak murrizteko lehen fasea litzateke hau Ingalaterrarentzat. Johnson lehen ministroak iragarri duenez, hala ere, kutsatzeek behera egiten jarraitzen badute, ekainaren hasieran merkataritza guneak zabaltzen hasiko lirateke, eta lehen hezkuntzako haurrak eskolara itzuli ahal izango lirateke. Hotelak eta espazio publikoak uztailaren hasieran hasiko lirateke berriz zabaltzen, «zenbakiek laguntzen badute».

Gales, Eskozia eta Ipar Irlanda kanpoan

Ingalaterra da oraingoz hirugarren fasera igaroko dena. Izan ere, Galesek, Eskoziak eta Ipar Irlandak badute itxialdiko neurriak kudeatzeko eskumena, eta uko egin diote Londresen leloarekin bat egiteari: Egon erne, saihestu birusa, salbatu bizitzak.

Eskoziak eta Ipar Irlandak Geratu etxean leloari eutsiko diote hemendik aurrera ere. Ipar Irlandan, gaur bilduko da gobernua itxialdia arintzeko neurriez hitz egiteko. Eskozian, gaurtik aurrera bertan behera geratuko da egunean behin kirola egiteko muga, baina Nicola Sturgeon lehen ministroak ohartarazi du horrek ez duela esan nahi egun-pasa joan ahal izango denik: «Etxe inguruan egoteko aholkuak indarrean jarraitzen du».

Azken datuen arabera, 219.183 kasu eta 31.855 hildako eragin ditu COVID-19ak Erresuma Batuan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.