Gizarte babesa

DSBEak eta errenta bermatuak osatuko dute Espainiako gutxieneko errenta

Madrilek ekainean hasi nahi du ordaintzen, baina «oso epe laburra» dela ohartarazi du Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak.

Urkullu, Artolazabal eta Belandia, Lanbideren bulego batera egindako bisitan. ADRIAN RUIZ DE HIERRO / EFE
Iker Aranburu.
2020ko maiatzaren 13a
11:52
Entzun

Espainiako Gobernuak hurrengo egunotan onartu duen gutxieneko errentak aldaketak ekarriko dizkio Hego Euskal Herriko babes sistemari. Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politikako sailburuak baieztatu duenez, Espainiako Gobernuak Gizarte Segurantzaren bidez banatu nahi du errenta hori, eta, hortaz, euskal herritarrek ere jasoko lukete.

Hori dela eta, osagarriak izango dira gaur egun beste diru sarrerarik ez dutenek —edo oso errenta txikiak dituztenek— jasotzen dituzten errentak: DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta errenta bermatua Nafarroan. 70.000 lagun inguruk eskuratzen dituzte.

Artolazabalek azaldu duenez, hasieran Espainiako Gobernuaren asmoa zen gaur egun indarrean zeuden errenta autonomikoak osatzea, baina azken asteetan planteamendua aldatu du Jose Luis Escriva Gizarte Segurantzako ministroak, eta orain kontrakoa da helburua: erkidegoek osatu ahal izatea Gizarte Segurantzak emango duena.

Kupo handiagoa

Planteamendu horrek aldaketak eragingo ditu errenten kudeaketan, baina baita finantzaketan ere. Gaur egun, Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren aurrekontuek ordaintzen dituzte Hegoaldeko errentak, baina aurrerantzean pentsatzekoa da pisurik handiena Gizarte Segurantzaren aurrekontuak hartuko duela bere gain eta, beraz, gutxiago jarri beharko dutela zuzenean Gasteizko eta Iruñeko gobernuek. Baina zeharka ere jarri beharko dute dirua; izan ere, Jaurlaritzaren kupoa eta Nafarroaren ekarpena handitu egingo dira, Espainiako Gobernuak aurrekontua handitu beharko baitu errenta hori ordaindu ahal izateko.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.