Ingurumena

Aralarko larreen «kontrol eza» salatu du Landarlanek

Ingurumen elkarteak adierazi du ibilgailuak aritu direla pistetatik kanpo, eta eremuan kontrolak ezartzeko eskatu dio mankomunitateari.

Gurpil markak Aralarren, pistetatik kanpo. LANDARLAN
Iosu Alberdi.
2020ko maiatzaren 15a
16:09
Entzun

Maiatzaren 1ean ireki ziren Enirio Aralarreko bideak, eta ordutik eremuan izaniko «kontrol eza» kritikatu du Landarlan ingurumen elkarteak. Izan ere, salatu dute ibilgailuak aritu direla pistetatik kanpo, azken hilabeteetako «lasaitasuna» zapuztuz. Horrez gain, «kezkagarritzat» jo du Aralar Natur Parkeko goi larreetara igoko diren animalien kopuruaren igoera. 

Landarlanek Enirio-Aralarko mankomunitateari eskatu dio ibilgailuen kontrolak areagotzeko inguruan, eta gainerako herritarrentzat mendian ibiltzeko jarraibideak emateko, koronabirusaren eragindako «alarma egoera arintzen doan neurrian».

Enirio-Aralarko abeltzainen eta ingurumen plataformen arteko gorabeherak aspalditik datoz. Ekologistek behin baino gehiagotan salatu dute abeltzainek pistetatik kanpo egiten dituztela bideak. Horien beharrei erantzuteko baimendu zuen mankomunitateak pisten zabaltzea ere. 2018an hasi zituzten Eniriotik Igaratzara doan bideko obrak. 2,7 kilometroko bidea da, eta Enirio eta Doniturrietako bordak lotzen ditu. Ekologistek, ordea, lanen aldeko botoa eman zuten zazpi udal ordezkariren aurkako salaketa jarri zuen, eta Tolosako (Gipuzkoa) epaitegia ari da auzia ikertzen. Izan ere, Landarlan eta Eguzki elkarteen esanetan, besteak beste, legez babestutako zuhaitzak bota ziren lan horietan.

Ordezkariek eta abeltzaintzako hainbat sindikatuk «mendi bide bat egokitzearen alde bozkatzeagatik» auzipetu izana gaitzetsi zuten, baina Aralar Bizirik plataformak adierazi zuen «ingurumen legediaren aurka bozkatzeagatik» daudela egoera horretan. Kasu hartan, eremuan eginiko «txikizioa» gaitzetsi zuen Aralar Bizirik-ek: «Lehen 4x4 ibilgailurik pasatzen ez zen tokian hiru-lau metro zabaleko pista bat egin dute, auto atoidunak eta kamioiak pasatzeko modukoa».

Gora, behera beharrean

Aurten, 130 abeltzainek eskuratu dute larreak erabiltzeko baimena. Denera, 17.311 ardi, 985 behi eta 862 behor igoko dira, aurreko urtean baino 30 ardi, 48 behi eta 84 behor gehiago, Landarlanen arabera. Elkartearen esanetan, 2019ko larreen planaren aurkakoa da kopuru hori, horren arabera, bost eta zazpi urte bitartean behiak 550-650 burura murriztu beharko liratekeelako, eta behorrak 350-400ra. Halere, «albiste ontzat» hartu dute abeltzainei osasun gidak eskatu izana, «aspaldi» egin beharreko gauza zela nabarmendu arren. Kritiko agertu dira, baina, Abaltzisketa, Altzaga, Arama, Beasain eta Lazkaoko udal ordezkariekin. «Ulertezintzat» jo dute mankomunitateari «lege agindua ez betetzeko» eskatu izana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.