Zinema

Michel Piccoli aktorea hil da, 94 urterekin

Antzerkigile, aktore, zinema zuzendari eta ekoizle izandakoak 200 ekoizpen baino gehiagoko ibilbidea utzi du. Garun arazo baten ondorioz zendu da

Michel Piccoli aktorea, 2011n, Canneseko zinema jaialdian. CHRISTOPHE KARABA/EFE
Inigo Astiz
2020ko maiatzaren 18a
15:23
Entzun

«Ez dut itxurarik egiten. Ezkutuan ibiltzen naiz pertsonaien atzean. Aktore izateko malgu izan behar duzu». 1954an hasi eta 2012. urtean amaitu, zazpi hamarkada luzeko iraupena izan du Michel Piccoliren sekuentziak zinemagintzaren historian (Paris, 1925-2020), eta pertsonaia klase guztiak jokatu ditu denbora tarte horretan: gangsterrak, detektibeak eta aita santuak. Hain zuzen ere, edozein egoeratara moldatzeko gaitasun hori nabarmendu izan diote beti zuzendari zale eta kritikariek. Frantziako zinemagintzaren aurpegirik ezagunenetako bat ere bilakatu du horrek. Asteartean hil zen, 94 urterekin.

Besteak beste, Luis Buñuel zinemagilearen Belle de Jour eta Le charme discret de la bourgeoisie filmetan hartu zuen parte, eta zuzendari harekin batera lortutako ospeak eraman zuen gerora Konstantinos Costa-Gavras, Alain Resnais, Jean-Luc Godard, Marco Ferreri eta beste zuzendari famatu batzuekin lan egitera. Ekoizle, zuzendari eta gidoigilea ere bazen, eta 200 lanetan baino gehiagotan ageri da haren izena, horren ondorioz. Antzerkian ere ibilbide luzea egin zuen, eta Buñuelen obrak taularatzen egindako lana txalotu izan diote bereziki kritikariek alor horretan.

Cesar saririk gabe

Jean Paul Sartre eta Simone de Beauvoir pentsalari eta idazleen lagun izan zen, eta ezkertiarra zen pentsamoldez. Sekula ez zuen Cesar saririk lortu, baina Cannesen gizonezko aktorerik onenaren saria eskuratu zuen Marco Bellocchio zuzendariaren Salto nel vuoto filmean egindako lanagatik, eta Berlinen ere sari bera eskuratu zuen hurrengo urtean, Une étrange affaire filmagatik. Edonola ere, Ferreri zuzendariaren La Grande Bouffe pelikulari esker izan zuen nazioartean zabalpenik handiena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.