Esportazioak %22 jaitsi dira martxoan

Autoak, Pasaiako portuan, maiatzaren lehenengo astean. GORKA RUBIO (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko maiatzaren 19a
13:12
Entzun

Ohi duen moduan, erosi baino gehiago saldu du Hego Euskal Herriak, baita COVID-19aren krisiaren lehenengo asteetan ere. Martxoan, 2.352 milioiren esportazioak egin zituzten lau herrialdeetako enpresek. Eta kanpotik ekarritako ondasunek 1.814 milioiren kostua izan zuten. Ondorioz, kanpo saldo positibo izan du Hego Euskal Herriak: kanpoan saldu duena 538 milioi gehiago izan da kanpotik erosi duena baino.

Dena den, irabazi horiek nabarmen egin dute behera urte batetik bestera: 263 milioi gutxiago (%49). Aurtengo martxoko esportazio datuak iazkoarekin konparatuta, %22 jaitsi dira: 520 milioi gutxiago. Inportazioei dagokienez, %14,2 jaitsi dira: 257 milioi gutxiago.

Astearte honetan ezagutarazi dituzte datuok Espainiako Gobernuko Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak eta Eustatek.

Jaitsiera autogintza eta energietan

Esportazioen kasuan, jaitsierarik handiena autogintzak izan du, eta bereziki Nafarroan: iazko martxoan baino %71,6 gutxiago saldu zuten kanpoan. Alarma egoera dela-eta ezarritako neurriengatik, lantegi asko itxi egin zituzten martxoko bigarren hamabostaldian. Hori izan da Volkswagenek Iruñean duen plantaren kasua eta Mercedesek Gasteizen duenarena.

Araban, sektore horretan %44,8 jaitsi dira salmentak. Autogintzarena sektorerik garrantzitsuenetarikoa da Hego Euskal Herriko esportazioetan: BPG barne produktu gordinaren %25 inguru.

Energiarena da beste sektore garrantzitsu bat esportazioetan; Bizkaian, bereziki: %60,6 jaitsi dira petrolio olio findegien esportazioak, eta %22,1 autogintzarekin loturikoak.

Gipuzkoak nabaritu du gutxien esportazioen jaitsiera (%16,6), eta hori izan da bereziki trenen sektorean izan duen hazkundeagatik: % 7,8.

Eustaten arabera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako esportazioak batez ere Europako Batasuneko (EB) herrialdeetara egin dira: %59,4. Nafarroan pisu gehiago izan dute Europatik kanpora egindakoak, Iazko martxoko datuekin konparatuta EBra egindakoak %50,8 jaitsi ziren — %39ko pisua dute guztira—, eta gehitu egin dira Amerikara (%146) eta Asiara (40,6) egindakoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.