Iruñeko haur eskoletan euskaraz matrikulatzera deitu dute

Iruñeko Udalaren jarrera salatu dute, eta, adierazi dutenez, «entzungor» egin die haien proposamenei. Gurasoek herri haur-eskola bat martxan jartzeko asmoa dute.

Haur Eskolak Gurasoak plataformak antolatu du mobiliazioa, Iruñeko Udaletxe plazan. IñIGO URIZ / FOKU
Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2020ko maiatzaren 21a
13:32
Entzun

Iruñeko haur eskola euskaldunen eskaria murriztuko zuela iragarri zuen Enrique Maia Iruñeko alkateak otsailean. Ordutik, ehunka lagunek egin dituzte mobilizazioak haur eskola euskaldunen alde, baina COVID-19arengatik gelditu egin ziren. Hala ere, euskalgintzako kideek, sindikatuek eta gurasoek berriz hartu dituzte kaleak, eta agerraldia egin dute gaur goizean Iruñeko Udaletxe plazan, Haur Eskolak Gurasoak plataformak antolatuta. Dei egin dute euskaraz matrikulatzera, nahiz eta ohartarazi agian ez dela izango denentzako lekurik. Esan dute euskara bermatzeko herri haur-eskolak martxan jarri nahi dituztela, eta lanean ari direla sare publikoan sartzen ez direnek tokia izan dezaten haur eskola horietan. Egoera «koiunturala» dela gaineratu dute, eta lan egingo dutela haur horiek datorren urtean sare publikorako bidea egin dezaten.

Martxoan egin zuten manifestazioa, eta euskara eskubidea dela aldarrikatu zuten. Puxika gorriak erabili zituzten, euskarari oxigenoa ematearen isla. «Gaur ere euskarari oxigenoa emango diogula adieraztera gatoz eta, halaber, salatzera Iruñeko haur eskoletan egin nahi den atzerakada gordina Iruñeko Udalaren akzioaren eta Nafarroako Gobernuaren omisioaren ondorioa dela», azaldu dute plataformako kideek. Jakinarazi dutenez, Iruñeko Udalak euskarazko hizkuntza eskaintza %70 murriztea erabaki du.

Kaltetutako gurasoek hainbat eskaera eta proposamen egin dizkiote udalari, baina salatu dute hark entzungor egin diela: «Modu ezin ageriagoan geratzen ari da Iruñeko Udala: errealitateari bizkar emanda, zerbitzu publikoak herritarrei ukatuz, eskubideak urratuz eta hizkuntza apartheida praktikatuz dihardu». Are, adierazi dute Nafarroako Gobernuak bost haur eskolaren eskumena duela Iruñean, eta euskara eskaintzen dituen plazen kopuruak %14 dela.

Gurasoen aukerak

Gurasoek ohartarazi dute ez dutela etsiko, eta garrantzitsua dela beren seme-alaben hezkuntza eta euskaraz bizitzeko eskubidea. Hala, aurrematrikulazioaren atarian, gurasoei mezu bat helarazi diete: «Gure seme-alabak euskaraz matrikulatuko ditugu, jakin arren dagoen toki kopurua benetan murritza dela, eta tokirik gabe geratzeko arriskua ere badagoela». Denentzat plazak egongo ez direla jakinda, herri haur-eskola bat martxan jartzeko asmoa ere badute, aldi baterakoa izango dena. Eskola horretan lehentasuna izango dute aurrematrikulazioa egin, eta tokirik gabe gelditzen diren haurrek. «Honen oinarrian elkartasuna egon behar da: bai finantzaketari dagokionez, bai aldarrikapena eta borroka mantentzeari dagokionez. Gutxi batzuk izanen gara herri haur-eskolan egonen garenak, baina askoren hauspoa eta bultzada beharko da egoera injustu hau atzera botatzeko», aldarrikatu dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.